Lokarri

Nor gara

LOKARRI. AKORDIOAREN, KONTSULTAREN ETA BERRADISKIDETZEAREN ALDEKO HERRITARREN SAREA

 

Erakunde sozial, beregaina eta plurala da Lokarri, bakearen eta Euskal Herriko bizikidetasunaren eta normalizazioaren alde diharduena. Erakunde berriaren izenari dagokionez, garbi dago bere esanahia: «aldeak elkartzeko balio duena». Akordioaren, kontsultaren eta berradiskidetzearen aldeko herritarren gehiengoaren borondatea islatu nahi duen konpromiso horri lotuta datoz herritarren sare honen eginkizuna, proiektua eta izena bera ere.

 

Zeregina                       Printzipioak                        Lehentasunak 

 

Zeregina

Hamahiru urteko bere ibilbidean, Elkarriren eginkizun nagusia hauxe izan zen: indarkeriarik eza bultzatzea, eta, horrekin batera, giza eskubideak, inor baztertzen ez duen elkarrizketa, aniztasuna, alderdien arteko mahaia eta printzipio demokratikoak sustatzea. Eskakizun horien gaineko bermerik ez dago oraindik, baina politikoki eta sozialki gauzatutzat jo daitezke jada, bake prozesuaren ondare finkotzat. Gizartearen gehiengoak indarkeriarik ezaren, elkarrizketaren eta alderdien mahaiaren alde erakutsi duen borondateak eragin du, hain zuzen, gaur egungo egoera, adiskidetzearen atarikoa alegia. Hori oinarritzat hartuta, adiskidetzea eta berradiskidetzea dira orain gure gizartearen lehentasunak.

 

  • Adiskidetzeari dagokionez, akordio zabala eta plurala behar du, gizarteak herri kontsultaren bidez berresteko modukoa. «Adiskidetze desiragarria» deituko genioke horri. «Nahitaezko adiskidetzea», berriz, honako hau litzateke: gizarteak berak, zuzen-zuzenean, esku hartu beharra gertatzea, egoera guztiz blokeatuta dagoelako edo prozesua etengabe hondatzen ari delako.
  • Berradiskidetzeak adiskidetzea eskatzen du, baita iraganaren azterketa kritikoa egitea, biktima guztiei dagokien ordaina ematea eta desberdintasunak onartzea ere. Horren guztiaren beharra dugu normalizazio politikoa erdietsi eta elkar errespetatuz eta giza duintasuna errespetatuz bizitzeko.

Adiskidetzearen eta berradiskidetzearen oinarrizko betebeharra sozial eta politikoki inor ez baztertzea da. Atzera begiratzen baldin badugu esan dezakegu Elkarrik, elkarrizketaren bidez, edukiz hornitu zuela bakearen borroka. Lokarrik aldeak elkartzeko balio behar du, bazterketarik gabe eta garaile eta garaiturik gabe, konponbide prozesuan. Lokarriren eginkizuna beraz aldeak elkartzeko balio duena izatea da, zehatzago esanik, akordioaren, herri kontsultaren eta berradiskidetzearen proposamena batasun eta integrazio sozial eta politiko faktore bihurtu.

 

Eginkizun honen ezarpena bi modu desberdinetan zehaztuko luketen bi egoera hipotetiko hauekin aurki daiteke:

  • Hipotesi positiboa: bake prozesuak aurrera egiten badu, Lokarriren eginkizun nagusia honako hau litzateke: akordio anitzaren, herri kontsultaren eta berradiskidetzearen aldeko gizartearen gehiengoaren nahia modu integratzaile batean bideratzea.
  • Hipotesi negatiboa: egoerak txarrera egiten badu, Lokarriren eginkizuna honela defini genezake: konponbide prozesu bat hondatzen ez uztea. Horretarako, krisia gainditzeko proposamen integratzailea egin behar diogu gizarteari. Zuzenekoa, berariazkoa, demokratikoa eta erabakigarria izan behar du proposamenak.

Erakunde berriaren izenari dagokionez, garbi dago esanahia: aldeak elkartzeko eragin behar dugu. Akordioaren, kontsultaren eta berradiskidetzearen aldeko gizartearen gehiengoaren nahia islatu nahi duen konpromiso horri lotuta datoz gure eginkizuna, proiektua eta herritarren sare honen izena. Hiru hilean behin, mobilizazio berezi bat deituko du Lokarrik, gizarteari mezu hori erabaki politikoen eszenatokian etengabe present egon dadin.



Printzipioak


Hasiera hasieratik hartzen dituen hiru konpromiso hauekin bat datoz Lokarriren printzipioak:

 

  • Indarkeriarik eza: bizitza eta giza eskubideak dira irizpide etiko nagusi eta eztabaidaezinak. Inolako helburuk ez du justifikatzen giza duintasunaren aurkako bitartekorik erabiltzea. Inonlako salbuespenik gabe errespetatu behar dira oinarrizko eskubide eta askatasunak, bai norberarenak, bai kolektiboak.
  • Inor baztertzen ez duen elkarrizketa eta aniztasuna dira bizikidetasunaren oinarri. Etengabeko elkarrizketa eta integrazio ahalegina eskatzen ditu gure gizartearen aniztasunak. Bizikidetasunerako funtsezko printzipio dira aldebakartasunik eza, akordioa eta itunak egitea.
  • Herriaren nahia eta printzipio demokratikoak aintzat hartzea da politikagintzaren oinarrizko araua. Inoren betorik eta inposiziorik gabe erabakitzeko gaitasuna eta borondatea baditu gure gizarteak, bide demokratikoak bakarrik erabiliz betiere. Borondate hori aintzat hartu behar dute politikariek, eta lege arauetara bideratu.

 

Lehentasunak

Lokarriren helburu nagusia da akordio plurala eta herri kontsulta bultzatzea da, horiek baitira gure gizarteak eskatzen eta behar duen adiskidetzearen ardatzak. Lehen helburu horrekin bat egiten dute beste hiru hauek ere:

  • berradiskidetzea prestatzen laguntzea, diskurtso eta proposamen integratzaileak defendatuz,
  • bake prozesuan herritarren partaidetza sustatzea eta erraztea,
  • eta orain arte lortutakoari eustea: indarkeriarik eza eta elkarrizketa, berauek baitira adiskidetzearen atariko baldintzak.

Zerikusia duten edukiak

Lokarriren sorrera txostena