3. Herri-kontsulta, adostasunik lortzen bada
4. Lege-proposamen bat herri-kontsultak direla eta
5. Kontsulta, egoerak nabarmen txarrera egingo balu
GEHIGARRIA
Herri-kontsulta deitzeko proposamen bat
Herri-kontsulta deitzeko herri-ekimen baten proposamen
Iragan azaroan, "Elkartzen gaituzten hiru helburu" izenburupean, hiru argitalpenetatik lehena plazaratu zuen Lokarrik, akordioa eta kontsultaren aldeko herritarren sareak. Akordoari buruzko proposamenak eta hausnarketak azaldu genituen argitalpen hartan.
Desberdinak dira, ordea, bigarren argitalpen hau egin dugun eta azaroko egoera politikoak. Orduan, blokeatuta eta krisian zegoen bake-prozesua, gaur egun, baina, ez dago behar den baldintzarik bake- eta normalizazio-prozesu bati ekiteko iragan abenduaren 30ean ETAk eginiko atentaua dela medio.
Lehendik ere antzeko egoerak pairatuak gara, dena den; 1998ko su-etenaren haustura, adibidez. Orduko eta oraingo egoeren aldea da gizartearen gehiengo handia dagoela gaur egun indarkeriarik eza eta inor baztertzen ez duen elkarrizketaren alde, eta, batez ere, gizartea ez dagoela prest iraganeko indarkeria, inkomunikazio, liskar eta tentsio politikoko egoerara itzultzeko. Apustu tinkoa egin du gizarteak akordio plurala, herri-kontsulta eta berradiskidetze-prozesu baten abiatzea ekarri behar dituen bake-prozesuaren alde.
Hiru helburu horiek (akordioa, herri-kontsulta eta berradiskidetzea) izan behar ditu gidari bake- eta normalizazio-prozesuak. Orain, giro politikoa bake-prozesuko egoerara itzularaztea da eginkizun nagusia. Hiru desafio hauek ditugu, beraz: 1) patxadaz eta soseguz hartu behar dira erabakiak, ez momentuko beroaldiak eraginda, 2) ez dira areagotu behar prozesuak jasandako kalteak, ezta elkarrizketa-zubi guztiak hautsi ere, eta 3) argitu egin behar da egoera. ETAri dagokio indarkeria amaiarazteko proposamen argia, bideragarria eta egingarria aurkeztea; alderdiek, berriz, bake-plana adostu behar dute, ETAk aurkez lezakeen proposamen horri erantzuteko.
Hiru lehentasun nagusi horiei ekitea eskatzen du egoerak. Bake-prozesuaren edukiak ere sakondu behar dira, atzera egin ezinezkoa baita bakerako bidea. Gizartearen jarrerak (indarkeriarik ezaren eta elkarrizketaren aldekoa), egoera historikoak eta nazioarteko testuinguruak (indarkeria erabiltzearen aurkakoak biak) eta prozesu honetako esperientziak adierazten digutenez, bake-prozesuak atzera ez egiteko aukera badago, egungo egoera gorabehera. Beraz, bake-prozesu batek jorratu beharreko gai eta helburu nagusiei ekin behar die gure gizarteak. Horregatik argitaratzen du Lokarrik kontsultari buruzko agiri hau, etorkizunak ekarriko dizkigun desafio handien gaineko eztabaidari eta partaidetzari zabalik eusteko alegia.
Argitalpen honek, zehazki, hau du helburu: herri-kontsultaren aldeko Lokarriren apustua edukiz hornitzea. Akordioari buruzko aurreko argitalpenaren antzera, oraingo honek ere ez du kontsulta nola egin behar den zehazten, baizik eta gai horri buruzko adostasun sozial eta politiko zabala sortzeko zenbait proposamen egiten, baita herritarren partaidetzari buruzko hausnarketa plazaratzen ere.
Azkenik, egoera politikoak txarrera egin eta bake-prozesutik arras urruntzen bada herri-kontsulta egiteko proposamen zehatz bat ere aurkezten du Lokarrik agiri honetan.
"Kontsulta" aipatuz gero, berehala datorkigu burura "erreferenduma", are gehiago gure ingurune sozial eta politiko honetan. Diccionario de la Lengua Española hiztegiak honela definitzen du erreferenduma:
(Latineko referendum-etik dator, referre-ren gerundiboa).
1. m. Herriak berrestea proposatzen den legeak edo egintza administratiboak herri-bozketa bidez ebazteko prozedura juridikoa.
Gure definizio honetan "legea" hitzaren ordez "akordioa" erabiltzen dugun arren (elkarrizketa-mahaian alderdi politikoek erdietsi beharreko akordioa, alegia), kontua da aurrez zehaztuta dagoen zerbait onartzeko edo berresteko egiten direla erreferendumak (akordioa, guri dagokigunez). "Kontsulta" hitzak, baina, esanahi askoz ere zabalagoa du.
Honela definitzen du hiztegi horrek berak "kontsultatu" aditza:
(Latineko consultare-tik dator, consulere-ren intentsiboa. Aztertu, jorratu).
1. tr. Gai bat aztertzea edo jorratzea, pertsona batekin edo gehiagorekin.
2. tr. Gairen bati buruzko dokumentazioa edo datuak bilatzea.
3. tr. Iritzia, ebazpena edo aholkua eskatzea.
Ohartuko zinetenez, "kontsulta" hitzaren definizioa "erreferendum" hitzarena baino askoz ere zabalagoa da. Bien arteko alde nagusia hau da: erreferendumean, berretsi beharreko erabakia zehaztuta dago jada; kontsultan, aldiz, hausnartu, eztabaidatu, jorratu egiten da erabakia, baita hari buruzko iritzia ematen ere.
Guri dagokigunez -elkarbizitzarako esparru demokratiko eta baketsua eraikitzeko modua bilatzea-, hiru aukera edo une ditu kontsultak:
Hiru atal horiek jorratuko ditugu argitalpen honetan. Horrez gain, Eginoko Mahaiaren proposamena (herri-kontsulta ez-lotesleak egiteko lege baten beharra) ere gogora dakargu agiri honetan, eta, azkenik, proposatzen dugu herri-kontsulta bultzatzea egoera politikoa bake-prozesutik urruntzen bada.
Begien bistakoa dirudien arren, beste behin esango dugu: herritarren partaidetza ezinbesteko osagaia da bake-prozesu baten arrakasta ziurtatzeko, bi arrazoi hauengatik: 1) herritarren partaidetzak sustatu egiten du prozesua, 2) herritarrak eurak dira prozesuaren onuradun.
Bake-prozesu bat ez da eztizko bidea izaten, hemengo esperientziak berak erakutsi digunez. Ugari izaten dira oztopoak, zailtasunak eta krisialdiak, eta, sarritan, prozesuan diharduten eragile saiatuenek ere ezin izaten dituzte beren kabuz gainditu. Euskal gizarteak maiz erakutsi izan du bere ekimen eta mobilizazio gaitasuna urterik gogorrenetan, indarkeria, tentsioa eta enfrentamendua nagusi ziren garaietan. Blokeoaren eta elkarrizketarik ezaren sasoietan gai izan zen gure gizartea konponbideak bultzatzeko eta tinko aldarrikatzeko bi printzipio hauek: indarkeriarik eza eta inor bazterrera uzten ez duen elkarrizketa. Beraz, bake-prozesu batek ezin du bazterrera utzi gizartearen bultzada, herritarren partaidetza baita tresnarik egokiena segurtasun-sare bat eratzeko, bake prozesua hautsi ez dadin eta iraganeko garaietara itzul ez gaitezen.
Ikuspegi kritikoz aztertu beharra daukagu, bada, azkeneko hilabeteotan gertatutakoa. Etengabe esan zaie herritarrei luzea izango zela prozesua, gogorra eta zaila, eta lasai egon beharra zegoela. Hori dela eta, indargabetu egin da, nolabait, gizartearen ahalmen hori. Ikusle hutsak izan dira herritarrak. Horren erantzukizunaren zati bat gizarteak berak du, bizkarra eman baitie bere eginkizunei. Lokarriri ere badagokio autokritika egitea, bigarren mailako protagonista modura geratu baikara, ez baitugu behar bezain zorrotz bultzatu prozesuaren garapena. Alderdi politikoek, azkenik, ikasi beharra daukate gertatutakotik eta, etorkizunean, gizartearen partaidetza-gaitasuna kontuan hartu.
Bigarren gaiari dagokionez, sarritan ahaztu ohi dugu herritarrak eurak direla bake-prozesuaren azken onuradunak. Gizarteak bereganatu egin behar ditu prozesuaren emaitzak, baina ezinezkoa da hori ez bazaio prozesuaren edukietan parte hartzeko aukerarik ematen. Aukera hori eman ezean, elite politikoek erabakitako akordio eta edukiak izango ditugu, gizarteari arrotzak irudituko zaizkionak. Bake eta normalizazio akordioek ez badute gizartearen partaidetzarik, ez dute euskarri sendorik izango eta ezingo zaie etorkizuna bermatu.
Laburbilduz, eta kontuan izanik kontsultaren definizioa (lehenxeago egin duguna), herritarren partaidetza bermatzeko bitarteko argiak jarri behar dira, hausnarketa eta proposamenen aurkezpena sustatzeko. Elkarbizitza-esparru bat eratzeko alderdi politikoen eta erakunde publikoen lana aberastu egingo lukete hausnarketa eta proposamen horiek.
1996an, Bake Sendo eta Iraunkorraren akordioa izenpetu zuten Guatemalako gobernuak eta URNGk (gerrilla). akordioak betetzen zirela ziurtatzeko, MINGUA (Nazio Batuen Guatemalako Ikuskaritza Misioa) sortu zen. Hiru alde horiek izan zituen protagonista nagusi prozesuak, eta horretatik kanpo geratu ziren oposizio politikoa eta gizarte zibila. Asmo handikoak ziren akordioak (aldaketa handiak aurreikusten zituzten ekonomian, politikan eta gizartean), eta gizartearen babesa behar zuten. Ez zuten bereganatu, ordea, babes hori, herritarrek apenas izan baitzuten parte-hartzerik bake-akordioaren erakuntzan. Emaitza: oso zaila ari da gertatzen akordioen aplikazioa. Hamar urte igaro dira, baina munduko herrialderik pobreenetakoa izaten segitzen du Guatemalak; enfrentamendu zibilaren ordez, eguneroko indarkeria da nagusi orain, eta indigenek diskriminaturik jarraitzen dute.
Herritar-partaidetzako esperientzia hori ez zen bake-prozesu batean izan, baina, hala eta guztiz ere, aski interesgarria zaigu. 1995eko otsailean eta martxoan, Quebeceko 55.000 bat herritarrek hartu zuten parte herrialde horren etorkizunari buruzko 435 ekitaldi publikotan, 18 batzorde ibiltarik antolatuak. Eginkizun hirukoitza zuten batzordeek: 1) herritarrek ziotena entzutea, 2) herritarren iradokizunak jasotzea, eta, 3) informazioa banatzea eta parte-hartzaileen artean eztabaida sustatzea.
Esperientzia haren emaitza txosten batean bildu zen, bi zatitan banatua. Lehenbizikoan, herrita-rren kezka eta iritzien laburpena egin zen. Bigarrengoan, berriz, zenbait gomendio argitaratu ziren, herritarren iritziak oinarri harturik. txostena kontuan hartuta onartu zuen parlamentuak Quebecen burujabetzari buruzko legea. Horra, bada, herritarrek eztabaida politiko garrantzitsu batean izandako partaidetzaren adibide interesgarria. Izan ere, gizarte oso baten esparru politikoa zehaztea zuen xede eztabaida hark.
Esperientzia gutxi ditugu nazioartean bake-prozesuetan herritarrek izandako partaidetza eraginkorrei buruz, erreferendumak alde batera utzita. Orain gutxi, ekimen bat plazaratu du Eusko Jaurlaritzak. Bake-prozesuan parte hartzeko pentsatua zen, hasieran, ekimena; orain, berriz, euskal gatazka konpondu eta bake bideak bilatzen laguntzeko gizartearen laguntza bultzatzea du eginkizuna.
Bi partaidetza-bide nagusi eskaintzen dizkie herritarrei ekimenak: 1) web orri bat (bakeaz eta euskal gatazkaz jarduteko blog bat dauka; galdera-sorta bat ere bai, bakegintzari buruzko gai nagusiekin, eta alderdi politikoei mezuak bidaltzeko aukera), eta, 2) udaletako elka-rrizketa-foroak (zenbait herritan antolatuko dira foroak, alderdi politikoak aztertzen ari diren gai berberei buruz hitz egiteko eta iritziak jasotzeko).
Eusko Jaurlaritzak hitzeman du iritzi guztiak jasoko dituela, txosten bat eratuko duela ondorioekin eta Eusko Legebiltzarrari eta alderdi politikoei helaraziko diela, aintzat har dezaten.
3. Herri-kontsulta, adostasunik lortzen bada
Bake-prozesu batean herritarrek izan beharreko partaidetzari zegokion, batik bat, aurreko atala. Bake-prozesua garrantzitsua izaki, herritarren partaidetza ere oso kontuan izan beharrekoa da. Gure gizarteko joera politiko eta nortasun-mota guztiak aintzat hartzen dituen akordio berri batera iritsiz gero alderdi politikoak (bizikidetza baketsua eta demokratikoa ziurtatzeko betiere), kontsulta baten bidez berretsi behar dute herritarrek akordioa. Horrela egin ezean, zilegitasun eskasa izango luke akordioak.
Herriak izan behar du azken hitza. Alderdi politikoak herritarren borondatearen ordezkari direla esango du zenbaitek, baina, garrantzi goreneko gaietan, herritarrei galdetu egin behar zaie. Izan ere, nola nahi dugu gizarteak akordioa bereganatzea ez bazaio hari buruzko iritzia galdetzen?.
Kontsulta da herritarren partaidetzaren adierazle gorena. Horregatik, babes handia, zabala izan behar du akordioak. Bizikidetza-esparru berri bat proposatzen badu akordioak, ezin gara konformatu herritarren partaidetza txikiarekin (hala gertatu da, berriki, hemendik ez oso urruti). Are gehiago: horrenbeste sufritu duten gizarteetan ez da batere komenigarria partaidetza txikia izatea, bizikidetza-esparru berri bat denon artean eraiki beharrekoa baita, edo, gutxienik, gehiengo zabalaren onespenarekin.
4. Lege-proposamen bat herri-kontsultak direla eta
Akordioa berresteko arazoetako bat hau izan daiteke: erreferendumak arautzeko Espainiako egungo legedia. Konstituzioa aldatzeko erreferendumak, edo autonomia-estatutuak onartu edo aldatzekoak jotzen dira, bakarrik, lotesletzat. 1978az geroztik, lau erreferendum bakarrik egin dira gure inguruan: 1978an, Konstituzioa onartzekoa; 1979an, Gernikako Estatutua onartzekoa; 1986an, Espainian NATOn jarraitu ala ez erabakitzekoa; eta, 2005ean, Europako Konstituzioari buruzkoa. Lau horietatik, lehenbiziko biak bakarrik izan ziren lotesleak; beste biak, kontsulta-erreferendumak.
Ondorio hau atera behar egoera horretatik: bake-akordiorik balego, Konstituzioa edo estatutua aldatzeko proposamenik daukaten proposamenei buruz bakarrik egin ahal dira erreferendum lotesleak. Argitalpen-bilduma honetako aurreko alean irakurriko zenutenez, gure proposamena zen akordioak zehaztea nola eraman akordioko edukiak ordenamendu juridikora. Egungo legediarekin, Irlandako Errepublikako kontsultaren antz handiagoa izango luke hemengo balizko kontsultak Ipar Irlandakoarena baino (ikus aurreko adibidea); hau da, akordioa ordenamendu juridikora eraman edo ez izango litzateke galderaren mamia, eta ez akordioaren edukia.
Bada kontuan izan beharreko beste alderdi bat ere: erregeak bakarrik du erreferendumak deitzeko ahalmena, gobernuburuak hala proposatuta, betiere Diputatuen Kongresuaren baimenarekin. Autonomia-erkidegoek ez dute erreferendumik deitzeko eskumenik, autonomia-estatutuak aldatu edo onartzeko ez bada; udalek, berriz, beren eskumeneko gaiei buruzkoak bakarrik dei ditzakete, eta estatuak du haiek baimentzeko eskuduntza esklusiboa.
2005eko maiatzaren 22an Eginoko Mahaiak (Elkarrik bultzatutako elkarrizketa-mahaia) egindako txosteneko proposamena izan daiteke konponbideetako bat. Aurkeztutako proposamenen artean zegoen hau: herri-kontsultari buruzko lege bat onartzea EAEko eta Nafarroako Legebiltzarretan. Kontsultak deitzeko eta galderak egiteko prozedura zehaztuko luke lege horrek, baita zenbateko gehiengoa beharko litzatekeen deialdia egiteko eta emaitza aldeko edo kontrakotzat jotzeko, bai herrialde osoan bai lurraldeka (EAEn), partaidetza-indizearen arabera betiere. Prozesu politikoak ahalbidetu edo erraztuko lituzkete herri-kontsulta horiek, juridikoki lotesleak ez izan arren, Eginoko Mahaiaren proposamenaren arabera.
Akordio politiko baterako oinarri izan daitekeen proposamen horrek (aipatutako prozedura bete beharko luke horretarako) baditu bi berrikuntza nabarmen etorkizunari begira: 1) erraztu egiten du herri-kontsulten deialdia, Diputatuen Kongresuaren baimenik ez bailitzateke beharko, eta, 2) bide berri bat irekitzen dio herritarren partaidetzari, ordenamendu juridikoaren oinarrizko araudia onartu edo aldatze hutsetik landa.
5. Kontsulta, egoerak nabarmen txarrera egingo balu
Orain arte, bake-prozesuan herritarren izan beharreko partaidetza eta alderdi politikoek sina lezaketen akordioa berresteko herri-kontsulta izan ditugu hizpide argitalpen honetan. Ez da, ordea, hor amaitzen herritarren parte-hartzea bakea eta normalizazioa erdiesteko ekinean. Beste egoera hipotetiko batean ere garrantzitsua izan daiteke kontsulta bidezko herritarren partaidetza.
Hipotesirik txarrena gauzatuko balitz (egoera politikoaren hondamen sakona eta geldiezina, edo irtenbiderik sumatzen ez zaion blokeo-egoera), gizarteak baleukake hor ere egiteko garrantzitsurik: lehenik eta behin, mobilizazio, partaidetza eta ekimen sozialaren bitartez; bigarrenik, zuzeneko kontsulta baten bidez. Gizarteak argi dauzkan printzipioak ez badira bermatzen, argiro eta espresuki mintzatu behar da gizartea gure arteko bizikidetza gidatu behar duten printzipioez. Egoera horretara iritsiz gero, gizartearen borondatea kontsulta baten bidez adierazteak badu abantaila bat: argitu egiten ditu jarrerak, mugiarazi egiten du egoera politikoa eta herritarren borondatea betearazteko pausoak emanarazten ditu. Emaitza: zalantzak argitzea eta zilegitasuna kentzea konponbidea indarkeria, bazterketa, giza eskubideen urraketa edo zuzenbide-estatuaren oinarrizko eskubideen murrizketa bidez aurkitu nahi dutenei. Gizarteak nahikoa argi ikusten badu arazoa nola konpondu baina ez bada norabide horretan urrats zehatzik egiten, kontsulta bidez, demokratikoki, mintzatu beha r dira herritarrak.
Bide luzea egin beharko da, oraindik ere, bake-prozesuetan gizarteak izan behar duen partaidetza bermatzeko. Berriki izan dugun egoeran garbi asko ikusi da zer zailtasun eta oztopok eragozten dieten herritarrei prozesuan zuzenean parte hartzea. Horrenbestez, ondorio hauek atera genitzake herritar-partaidetza eta kontsultari buruz, berriro bake-prozesua martxan jartzea suertatzen denerako (suertatzen bada):
1.- Herritarren partaidetzarik gabe, ezinezkoa da (edo oso zaila) akordioren eta herri-kontsultaren bidez gizartea berradiskidetzea. Beraz, lehentasuna du gizarteak parte hartzeko bideak sortzea eta eskaintzea.
2.- Herritarrek izan behar dute azken erabakia alderdi politikoen hartzen dituzten normalizazio- eta bizikidetza-akordioen gainean.
3.- Egoera blokeatu edo hondatzen bada, ahalmena izan behar du gizarteak bere iritzia zuzenean adierazteko, hartara konponbideei atea zabalduz.
Herritarren partaidetzak, batzuen eta besteen arteko elkarrizketa eta elkar-entzute guneak sortzeak, lankidetzak... zerk batzen gaituen eta zerk bereizten onartzeko oinarriak jartzen, hau da, gizartearen berradiskidetze-bideari ekiten, laguntzen dute. 2007ko udaberrian da kaleratzekoa hurrengo argitalpena, eta berradiskidetze soziala izango du, hain justu ere, gai nagusia. Iraganaren berrikuspen kritikoa, biktimei zor zaien ordaina eta desberdintasunen onespena jorratuko ditu txostenak.
Gehigarria
Herri-kontsulta deitzeko proposamen bat
ETAk iragan abenduaren 30ean Madrilen egindako atentatua eta gero, ez dago behar den baldintzarik bake- eta normalizazio-prozesu bati ekiteko, indarkeriak eragotzi egiten baitu bizikidetzari buruzko akordio berri bat erdiesteko elkarrizketa- eta negoziazio-prozesua abiaraztea.
Egoera argitzea, hori du desafio nagusia bakerako bideak. Hortaz, indarkeria behin betiko amaiarazteko proposamen bat aurkeztu behar du ETAk. Atzerako biderik gabea izan behar du proposamenak, bideragarria, eta erakundeek, alderdiek eta gizarteak onartzeko modukoa. Alderdiek eta erakunde publikoek, berriz, areagotu egin behar dute elkarrizketa eta bake-plan bat adostu, ETAk indarkeria amaiarazteko proposamena aurkeztuz gero zer urrats eman erabakitzeko.
Ezin dugu nora ezean jarraitu. Gauzak argitu ezean, luzaro blokeatuta gera daiteke egoera, edo azkar asko txarrera egin. Ez gaude prest hori onartzeko, garbi asko egina baitugu apustua: indarkeriarik eza, giza eskubide guztiak aintzat hartzea eta inor bazterrera uzten ez duen elkarrizketa-prozesua abiaraztea bizikidetza-esparru baketsuago eta demokratikoagoa erabakitzeko. Beraz, berriz ere prozesua abiarazi behar da, euskal gizartearen bake-nahia asetzeko.
Ezin dugu auskalo noiz arte itxaron urrats horiek egin arte. Gizartearen gehiengoak argi ikusten baditu bakea eta normalizazioa erdiesteko printzipioak baina ez bazaizkio bermatzen, argi eta garbi azaldu behar du gizarteak zer printzipio izan behar dituen gidari gure arteko bizikidetzak.
Hona hemen Lokarriren proposamena, herri-kontsulta baten bidez egoera argitzen laguntzeko.
Herri-kontsulta deitzeko herri-ekimen baten proposamena
Lokarri herritar-sareak Eskatze Eskubidea erabiliko EAEko eta Nafarroako Legebiltzarretan, herri-kontsulta egin eta printzipio hauei buruz herritarrek zer dioten argitzeko: 1) indarkeriaren amaiera eta giza eskubideekiko errespetua, 2) metodo demokratikoak (elkarrizketa) erabiltzea euskal gizarteko arazoak konpontzeko, eta, 3) akordio plurala eta inor baztertzen ez duena iristeko premia, gure arteko bizikidetza modu baketsu eta demokratikoan kudeatzeko.
Lokarrik aurkeztu egingo du ekimen hori, baldin eta:
- ETAk ez badu indarkeria amaiarazteko proposamenik aurkezten,
- alderdi politikoek eta erakunde publikoek ez badute bake-planik adosten elkarrekin beste bake-prozesu bati ekiteko,
- egoera hondatzen bada edo iraganeko indarkeria, bazterketa politiko eta elkarrizketarik gabeko egoeretara itzultzen bada.
Datorren martxoaren 31n, batzarra egingo du Lokarrik bere bazkide eta laguntzaile guztiekin, beste bake-prozesu bati ekiteko aukerarik badagoen aztertzeko. Lehen aipatutako egoera horiek sortuz gero, herri-kontsulta deitzeko sinadurak biltzeari ekingo dio Lokarrik.
Parte har ezazu proposamen honi buruz zure iritzia emanez web honen foroan
Parte har ezazu proposamen honi buruzko foroan www.konpondu.net webgunean