Sumario honetan eskubide hauek larriki urratuak izan dira arrazoi hauengatik:
-akusatu asko zigortuak izan dira ez ekintza zehatzengatik, baizik eta planteamendu politiko batzuk defenditzeagatik edo Ezker Abertzaletik hurbil dauden erakundeetakoak izateagatik,
-eragotzi eta murriztu dira akusatuen defentsa bermatzeko baliabideak,
-azkenik, akusatuak atxilotuak izan dira epaiaren berri eman gabe eta ustez ihes egingo zuten arrisku handia zegoela jarriz aitzakiatzat. Arrazoitzeko zaila bigarren hau, kontuan hartuta guztiek erregulartasun osoz erantun dietela Entzutegi Nazionalak egindako eskaera guztiei.
Baliagarriak ez direla erakutsi duten iraganeko errezetak ari dira erabiltzen berriz ere. Areagotuz doaz justiziaren inpartzialtasun eta objektibotasunaren inguruko zalantzak. Jakina da azken bake-prozesua abian egon zenean pertsona hauetariko askok zigorrik jasoko ez zuten ustea zegoela zabalduta. Aldiz, orain, egoera aldatu delarik, jarritako zigorrak, behintzat hedabideei ezkutuan eman zaizkien informazioen arabera -berriz ere erakutsiz prozedurak irregulartasunak dituela-, Fiskaltzak eskatutakoak baino handiagoak dira. Egoera honen atzean, berriz ere "denak balio du" estrategia azaleratzen da.
Euskal gizarteak pairatzen dituen arazoen konponbidea "demokrazia gehiago" errezeta abian jartzeak ekarriko du. Salbuespenek ez dute lekurik oinarrizko Eskubideak eta askatasun demokratikoak abian jartzeko orduan. Euskal gizarteak aurrez aurre du bakea eta normalizazio politikoa sustatzeko erronka. Epai erabaki hauek, beste batzuei gaineratuta, hala nola alderdi politikoak edo hauteskundeetarako plataformak legez kanpokotzat jotzeari edo Batasunaren Mahai Nazionala atxilotzeari, zailtasunak baino ez dituzte jartzen gure gizartearen zati handi batek erronka garrantzitsu honetan berdintasun egoeran parte hartzeko aukera izan dezan.
Honengatik guztiarengatik, Lokarrik erabat gaitzesten ditu atxiloketa hauek eta prozesu honen garapena, eta atxilotuak lehenbailehen aska ditzaten eskatzen du. Gainera, Lokarrik bere sostengua adieraziko die 18/98 platafomatik sorturiko ekintza guztiei eta Eskubide eta askatasunen urraketa larri honen berri emango die bere Estatu eta Nazioarteko Sarearen kideei.