ETAko buruzagi Xabier Lopez Peña "Thierry"ren atxikoketaren ondoren eskuratutako agirien gaineko ikerketaren harira gertatu da Maria Isabel eta Blanca Rosa Bruño Azpiroz enpresaburuen atxiloketa eta ondorengo espetxeratzea, iraultza zerga borondatez ordaindu izana biei egotzita. Era berean, atzo bertan atxiki zuten Sinedorreko zuzendari nagusi Jose Antonio Jainaga, kontu beraren inguruan galdekatua izateko. Bi gertakari hauen inguruan, akordioa eta kontsultaren aldeko hiritarren sarea den Lokarrik bi ekinbide judizialen aurreko bere arbuioa eta gaitzespena jakinarazi nahi ditu ondoko arrazoi hauengatik:
- Iraultza-zerga mehatxu larria da ETAri diru-kouru jakin bat ordainarazteko gutun bat jasotzen duten pertsonentzat eta atsekabe handia dakarkio beraien familia-, ekonomia-eta lan-bizitzari.
- ETAk exigitutako dirua ordaintzea ez da, berez, delitua. Kode Penaleko 20.6 artikuluak dioenez, ez due ardura kriminalik "gaindiezineko beldurrak eraginda jokatzen duenak". Zerga ez ordaintzeagatik jaso daitezkeen kalteei (atentatuak, bahiketak...) izan dakiekeen beldurrak bultza lezake ordaintzera. Eta honelako kasuei ez dagokie zigor penalik.
- Aurrerantzean, iraultza-zerga ordaindu zutenen atxiloketa eta berauen aurkako ekinbide judizial hauen ostean, aipatutako zerga ordain dezaten exigitzeko gutuna jasoko duten pertsona guztiek mehatxu bikoitzari egin beharko diote aurre. Alde batetik, ETArenari, ordaintzeari uko egitekotan; eta, bestetik, Botere Judizialenari; izan ere, estortsio honi men egingo dioten pertsona guztien aurka jazartzeko mehatxua egin baitu.
- Harrigarria da, bederen, ekinbide hauek abertzaletasunetik hurbil dauden pertsonen aurka zuzendu izana edo, gutxienez, gure herrian oso errotuta dauden enpresetan ardura dutenen aurka. Zaila da sinestea pertsona hauek baino ez direla agertzen Thierryri atzemandako paperetan eta berauek direla, hain zuzen ere, Justiziak orain jomuga nagusitzat hartu dituenak.
- Azkenik, behin eta berriro azpimarratu behar da Justiziak honelako kasuetan hartutako bitartekoak neurriz kanpokoak direla; izan ere, ez dute kontuan hartzen pertsona hauei ospean zein lan, familia- eta ekonomia- mailan eragindako kaltea.
Honen guztiaren ondorioz, Lokarrik gardentasun eta errespeturik handiena exigitu nahi dio Botere Judizialari mehatxatutako pertsona hauen inguruan irekitako ikerketa burutzerako orduan. Ezin dira nahastu biktimak eta biktimarioak eta ezin dira pertsona hauek babesik gabe utzi ETAren zein Justiziaren aurrean.