Lokarriren iritziz, aurkezturiko bi galdera horiek ahalbidetu egiten dute, baldin eta herritarren sostengua lortzen bada, demokratikoki legeztatzea agindu biokitz bat: 1) ETAri, biolentzia baztertzeko beharezkoak diren pausoak eman distan eta 2) alderdi politikoei, herritar guztiek berretsi ahalko duten elkarrizketa akordio bat lortzea helburu izango duen elkarrizketa eta negoziazio prozesu bat abia dezaten. Agindu bikoitz hau bakerako eta normalizazio politikorako prozesuari oztopoak kentzeko bide bat finkatzeko lagungarria izan daiteke, bai eta euskal gizartearen bake, elkarrizketa eta akordio nahiak errespetatuak eta bermatuak izan daitezen ere.
Kontsulta proposamen horrek Eusko Legebiltzarraren sostengua lortzea izango du erronka. Alde horretatik, zilegi da proposamenarekin ados ez dauden alderdi eta parlamentu taldeak egotea. Haatik, ez da legezkoa proposamena demokraziaren kontrakotzat jotzea (noiztik da demokraziaren kontrakoa herritarren, herriaren nahiaren jabeen, gogoa errespetatzea?) edo erabateko "ez" baten atzean gordetzea bakea eta normalizazioa ahalbidetuko duten proposamen alternatibo, bideragarri eta zehatzak aurkeztu gabe.
Ildo beretik, akordiorako aukera guztiak aztertzeko deia egin nahi dio Lokarrik Eusko Jaurlaritzari. Orain arte ekimenari uko egin dioten alderdi politikoekin akordioa lortzeko aukeraren bat badago, Legebiltzarrean akordio hori errazteko beharrezkoak diren erabaki guztiak har daitezen eskatu nahi du Lokarrik, horrek proposamenaren edukiak malgutzea eta aldatzea ekar badezake ere.
Azkenik, Lokarrik ezinbestekotzat jotzen du kontsulta deitzeko eta egiteko prozesua herritarren partaidetza sustatuko duten ekimenek lagunduta egotea, kontsultaren galderen edukien inguruan eztabaidatzeko aukera emango duten ekimenek lagunduta egotea. Kontsulta egingo den egunean bozka ematera bezain garrantzitsua herritar guztien hausnarketa dinamizatu eta erraztea. Horrela, denok jakitun izango gara bakea eta bizikidetzaren normalizazioa bezain garrantzitsuak diren gaien inguruan herritarren nahia adierazteko gaitasuna edukitzeak duen ardura eta erronkaz.
2008ko maiatzak 28