Gobernuaren estrategiak bazterkeria bultzatzen du
Lokarrik bere desadostasun erabatekoa adierazi nahi du Batasunak ordezkaturiko Ezker Abertzaleko buru nagusiak atxilotzeko Garzon epaileak emandako aginduarekin. Lehenik eta behin, oinarrizko eskubide eta askatasun demokratikoak, hala nola, adierazteko, biltzeko edo elkartzeko eskubidea, urratzen dituzte atxiloketa horiek. Batasunako Mahai Nazionaleko partaide izatea da atxilotutako pertsonei egozten zaien delitu bakarra. Gure gizartearen sektore soziopolitiko garrantzitsua da Ezker Abertzalea eta jardun politikoan aukera berdintasunean parte hartzeko eskubidea du. Alderdien Legearen ondorio diren ekintza hauek Ezker Abertzalea eta beronek ordezkatzen dituen pertsona guztiak baztertzea baino ez du bilatzen.
Bigarrenik, garrantzi bereziko kontestu batean gauzatu dira atxiloketa hauek. Batasunak ordezkaturiko Ezker Abertzalean eztabaida berri bat ematen ari da indarkeriaren etapa gainditzeko beharraren gainean. Ezker Abertzalearen baitan aldaketa prozesu bat gidatzeko ahalmena zuten pertsonak atxilotuz erantzun dio gobernuak bakerako prozesuari bultzada berria emateko aukera horri. Elkarrizketa erraztu beharrean, bidea oztopoz ereiten ari da gobernua. Akats oso larria dira atxiloketa hauek.
Bakea lortzeko bere estrategia berraztetu behar du gobernuak. Indarkeriaren aurkako borrokak ezin ditu erabili eskubide murrizketa berriak eragiten dituzten tresna eta baliabideak. Euskal herritarren zati garrantzitsu bat jardun politikotik kanpo utzi nahi duen etorkizun batera garamatzate buru politikoen ilegalizazio eta atxiloketek. Hau da Gobernuak aldarrikatzen duen normaltasuna: bizikidetza bazterkeriaren oinarriaren gaienen eraikitzea.
Horregatik guztiarengatik, Lokarrik honakoa eskatzen du: atxilotutakoak aske uztea, Ezker Abertzalea legeztatzea eta jardun politikoan era normalizatuan barneratzea. Era berean, Gobernuari eskatzen dio eskubideak murrizteko bere estrategiari amaiera ematea eta bizikidetza bultzatzea askatasun demokratikoak sustatuz eta bermatuz.
Lehentasunezkoa da egoera honentzako alternatiba eraikitzea
Bakerako prozesua hondatua dago, baina horrek ez dezake gizartera etsipena ekarri eta ez da amore eman behar. Zailtasunak gainditu behar dira eta bakearen aldeko lanari berrekin behar zaio. Blokeoa ez da ezinbestekoa. Badago aukerabide bat, eta horrek akordioan, aniztasunean eta herri borondatearen errespetuan oinarrituriko etorkizuna eraikitzen lagundu dezake. Aukerabidea hauxe da: giza eskubideak errespetatzea, elkarrizketa, akordioa eta erabakimena.
Lokarrik gizarte osoa animatu nahi du bakea lortzeko eta bizikidetza hobetzeko lanari eustera, eta itxaropenari ere eustera, gizarteak bakea lortzeko duen asmo sendoa aukerarik hoberena baita helburu hori lortzeko.
2009ko urriak 14