Lokarri

Iritsi da herri kontsulta bat deitzeko unea

2008-05-20 Onartezina da Zapatero Presidenteak uko egitea akordioak lortzeari

Euskal gizarteak bere nahia adierazteko aukera behar du blokeoa gainditu ahal izateko

Lokarri akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren Sareak berea etsipena agertu nahi du gaur Zapatero Presidentearen eta Ibarretxe Lehendakariaren artean egindako bileraren emaitza dela eta. Jakinaren gainean egonda ere topaketa honek ziurrenik aukera gutxi eskainiko zituela, eutsi egiten genion itxaropenari pentsatuz lehen urratsa izan zitekeela bizikidetzari buruzko akordio baterako oinarriak ahalbidetuko zituen elkarrizketa prozesu bat hasteko.
 

Oso konplexua da egoera. ETAk berriz ere heldu dio borroka armatuari Giza Eskubideak eta euskal gizartearen nahia nabarmenki urratuz. Indarrez ari zaizkigu itzultzen iraganeko irudiak, atentatu hilgarriak barne, eta euskal gizarteak inoiz baino gehiago behar ditu aukera berriak bakea eta bizikidetza-esparru demokratikoa, bazterketarik gabea, posible izan daitezen.

 

Zilegi da Zapatero Presidenteak ezetz esatea Lehendakariak berak, Eusko Jaurlaritzaren izenean, proposaturiko "ibilbide orriari". Aldiz, onartezina da ukazio horri alternatibazko proposamenik ez aurkeztea edo mahaigaineratutakoa garaezina izatea. Zapatero Presidenteak dioenean ez duela babesten Lehendakariaren ekimena ez duelako adostasun zabalik Euskadin, beto-eskubidea ari da gauzatzen. Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza nagusia duten bi alderdik, hala nola Alderdi Popularrak eta PSEk, ateak ixten badizkiote akordio bat lortzea helburu duen elkarrizketa prozesu bati, ezinezkoa da planteatzea adostasun zabala izango duen proposamen bat. Horrenbestez, bete ezin daitekeen baldintza bat inposatzeko ahaleginean ari da Zapatero Presidentea.

 

Gizartearen gehiengo zabal batek nahi du biolentzia amaitzea, elkarrizketa prozesu bat abiatzea, bazterketarik gabeko bizikidetza akordio bat zehaztea eta euskal gizarteari herri kontsulta batean bere nahia adierazteko aukera ematea. Blokeo egoera honi eusteak ez die jaramonik egiten gizarte gehienaren nahiei. Horregatik, beharrezkoa da egoera oskarbitzea eta demokratikoki argitzea zeintzuk diren euskal gizartearen nahiak. Horrela, euskal gizarteak berak finkatuko ditu indarkerian eta elkarrizketa ezan oinarrituriko estrategiak eragozteko baldintzak.

 

2007ko martxoan proposatu genuenari eutsiz, iritsi da herri kontsulta bat deitzeko unea euskal gizarteak egoera konplexu hau desblokeatzeko gaitasuna izan dezan bake eta demokraziazko printzipioak finkatuz. Elkarrizketa eta akordio saiakera hauek emaitzarik ekarri ez badute ere, komunikaziorako bide guztiak zabalik egon daitezela proposatu nahi du Lokarrik, bereziki alderdi politikoen artean, herri kontsulta baten deialdia adostasunik zabalenaz lagunduta egin ahal izateko.

 

2008ko maiatzak 20

Zure iritzia bidali