Lokarri

Indarkeria bazter dezan eskatu dio Lokarrik ETAri

2008-05-31
Gaur, maiatzak 31, Lokarri akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren Sareak ekitaldi bat gauzatu du Bilboko Arriaga Antzokiko plazan ETAri indarkeria bazter dezan eskatzeko. Lokarriren koordinatzaile Paul Rios eta Rosa Rodero mintzatu dira ekitaldian.
Ekitaldiaren aurkezpena Paul Riosen eskutik

"Apirilaren 8an Lokarrik abian jarri zuen bakearen, akordioaren eta kontsultaren aldeko ekimen bat. "Jaso al duzu mezua? Akordioa lortzea, kontsulta deitzea" eman genion izena ekimenari eta helburua honakoa zen: Zapatero Presidenteari, Ibarretxe Lehendakariari eta Sanz Presidenteari milaka email bidaltzea elkarrizketa prozesu bat abia dezaten eskatuz. Prozesu horrek xede izango zuen akordio politiko bat lortzea eta euskal eta nafar herritarrek beren nahia bakean eta demokratikoki adierazteko aukera emango zien herri kontsulta bat deitzea.

Kanpaina honi esker, 14.000 posta elektroniko bidali zaizkie ordezkari politikoei. Nafarroako Jauregian, Ajuria Enean eta Moncloan hiru elkarretaratze eginez ere helarazi genuen bakearen, elkarrizketaren, akordioaren eta kontsultaren aldeko eskaera hau zuzen-zuzenean.

Kanpaina ez zegon zuzendua soilik ordezkari politikoei; ETA ere bazen mezuen jasotzailea. ETAri indarkeria bazter dezan eta giza eskubideak errespeta ditzan eskatzen dioten ehunka posta elektroniko jaso ditugu, bake prozesu berri bat ahalbidetu eta euskal gizarteak bere nahia aske adierazteko aukera eduki dezan herri kontsulta batean. Gaur, ekitaldi honen bidez ere indarkeria uz dezan eta giza eskubide guztiak errespeta ditzan agindu nahi diogu ETAri.

Sufrimendua eta mehatxua ari da hedatzen berriz ere ETA, gure herrikide askoren bizitza larriki eta erro-errotik baldintzatuz. Onartezina da egoera hau eta amaiera jarri behar zaio. Ez dugu inolaz ere onartuko bere arazo propioak konpontzeko euskal gizarteak abiatu nahi duen bidea ere ETAk baldintzatzea.

Baliteke euskal gizarteak bere bizikidetza hobetzeko oinarriak finkatzeko aukera edukitzea herri kontsulta batean bere nahia adieraziz. Indarkeriaz baliatuz ETAk herritarren nahia baldintzatzeko asmoa badu, horren aurka jaikiko garela helarazi nahi diogu guk.

Atzo ETAk, agiri batean, zapalketaren kontrako eta giza eskubideen aldeko borrokan parte hartzeko deia egin zien herritarrei. Ez dugu behar gure eginkizuna zein den esango digun inor, areago giza duintasunari erasotzen badio eta sufrimendua sortzen badu. ETAri dagokio entzutea biolentzia baztertzeko erta giza eskubideak errespetatzeko gizartearen deia eta eskaera.
ETAk ez du inolako aitzakiarik. Indarkeria bukatzea nhai dugu eta gure erabakiak hartu nahi ditugu, bortxakeriarik gabe".

Rosa Roderok irakurritako mezua

"ETAk indarkeria utzi behar du. Gure gizartean, XXI. mendean garelarik, ez dago Giza Eskubideak urratzeko tokirik, bizitzeko Eskubidetik hasita. Ezin da justifikatu sufrimendua eta mehatxua zabaltzea helburu politiko batzuk lortzearren. Giza bizitzarekiko eta oinarrizko giza eskubideekiko errespetuak ETAk indarkeria bazter dezan eskatzen du.

Betebehar morala du ETAk euskal gizarte osoarekiko. Ekainaren 6an lehen urtemuga beteko da ETAk su-etena ofizialki hautsi zuenetik. Itxaropen handiak zituen jarrita euskal gizarteak bake prozesuan. Azkenik, indarkeria behin betiko baztertzeko aukera iritsia zela sinistuta geunden gutako asko. ETAk bertan behera utzi zuen itxaropen hori eta jada baztertutzat jotzen genuen iraganera itzularazi gaitu berriz atentatuak eta hilketak eginez.

ETAk euskal gizarte gehienaren nahia errespetatu behar du, indarkeria uzteko nahia alegia. Indarkeriaren bidera bueltatuz lapurtu zigun itxaropena itzuli behar digu ETAk. Gure artean egon daitezkeen desadostasun politiko guztien gainetik, euskal gizarteak bakean eta demokratikoki konpondu nahi ditu bere arazoak eta indarkeria bateraezina da bazterketarik gabe bizitzeko nahiarekin.

Bizitzaren eta Giza Eskubideeen alde, gehiengoaren nahia delako, itxaropenari eustea nahi dugulako, gure arazoak bakean konpondu nahi ditugulako, indarkeriak bukatu egin behar du".

2008ko maiatzak 31

 

 

 


Zure iritzia bidali