Lokarrik, akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren Sareak, "Kontsulta. Herritarren partaidetza bake-prozesu batean" (PDFa jaitsi) izenburuko argitalpena aurkeztuko du gaur. Bigarren argitalpena da azaroan "Elkartzen gaituzten hiru helburu" sailaren baitan kaleratutako "Akordioa"-ri buruzko agiria plazaratu ondoren, eta jarraian berradiskidetzeari dagokiona argitaratuko da. Herri-kontsultaren aldeko apustua edukiz hornitzea du helburu argitalpen honek. Lokarriren iritziz, kontsultak hiru aukera edo une izango lituzke: 1) herritarren partaidetza elkarbizitza-esparru berri bat zehazteko, 2) herritarrei kontsulta egitea alderdi politikoek lortutako akordioa berrets dezaten, 3) herritarrei kontsulta egitea egoera politikoa blokeatzen bada edo txarrera egiten badu.
Gehigarri baten bidez, bigarren argitalpen honek herri-kontsulta deitzeko proposamena jasotzen du baldin eta egungo blokeo eta noraez egoera mantentzen bada.
Proposamenaren oinarria
ETAk iragan abenduaren 30ean Madrilen egindako atentatua eta gero, ez dago behar den baldintzarik bake- eta normalizazio-prozesu bati ekiteko, indarkeriak eragotzi egiten baitu bizikidetzari buruzko akordio berri bat erdiesteko elkarrizketa- eta negoziazio-prozesua abiaraztea.
Egoera argitzea, hori du desafio nagusia bakerako bideak. Hortaz, indarkeria behin betiko amaiarazteko proposamen bat aurkeztu behar du ETAk. Atzerako biderik gabea izan behar du proposamenak, bidaragarria, eta erakundeek, alderdiek eta gizarteak onartzeko modukoa. Alderdiek eta erakunde publikoek, berriz, areagotu egin behar dute elkarrizketa eta bake-plan bat adostu, ETAk indarkeria amaiarazteko proposamena aurkeztuz gero zer urrats egin erabakitzeko.
Ezin dugu noraezean jarraitu. Gauzak argitu ezean, luzaro blokeatuta gera daiteke egoera, edo azkar asko txarrera egin. Ez gaude prest hori onartzeko, garbi asko egina baitugu apustua: indarkeriarik eza, giza eskubide guztiak aintzat hartzea eta inor bazterrera uzten ez duen elkarrizketa-prozesua abiaraztea bizikidetza-esparru baketsuago eta demokratikoagoa erabakitzeko. Beraz, berriz ere prozesua abiarazi behar da, euskal gizartearen bake-nahia asetzeko.
Ezin dugu auskalo noiz arte itxaron urrats horiek egin arte. Gizartearen gehiengoak argi ikusten baditu bakea eta normalizazioa erdiesteko printzipioak baina ez bazaizkio bermatzen, argi eta garbi azaldu behar du gizarteak zer printzipio izan behar dituen gidari gure arteko bizikidetzak.
Lokarrik ondorengo konpromisoa hartuko du herri-kontsulta baterako deiaren bidez egoera argitzea xede.
Herri-kontsulta deitzeko herri-ekimen baten proposamena
Lokarri herritar-sareak Eskatze Eskubidea erabiliko du EAEko eta Nafarroako Legebiltzarretan, herri-kontsulta egin eta printzipio hauei buruz herritarrek zer dioten argitzeko: 1) indarkeriaren amaiera eta giza eskubideekiko errespetua, 2) metodo demokratikoak (elkarrizketa) erabiltzea euskal gizarteko arazoak konpontzeko, eta, 3) akordio plurala eta inor baztertzen ez duena iristeko premia, gure arteko bizikidetza modu baketsu eta demokratikoan kudeatzeko.
Lokarrik aurkeztu egingo du ekimen hori, baldin eta:
- ETAk ez badu indarkeria amaiarazteko proposamenik aurkezten,
- alderdi politikoek eta erakunde publikoek ez badute bake-planik adosten elkarrekin beste bakeprozesu bati ekiteko,
- egoera hondatzen bada edo iraganeko indarkeria, bazterketa politiko eta elkarrizketarik gabeko egoeretara itzultzen bada.
Martxoaren 31n, batzarra egingo du Lokarrik bere bazkide eta laguntzaile guztiekin, beste bake-prozesu bati ekiteko aukerarik badagoen aztertzeko. Lehen aipatutako egoera horiek sortuz gero, herri-kontsulta deitzeko sinadurak biltzeari ekingo dio Lokarrik.
2007 ko martxoaren 8a
Parte har ezazu proposamen honi buruz zure iritzia emanez web honen foroan
Parte har ezazu proposamen honi buruzko foroan www.konpondu.net webgunean