Lokarri

Herri kontsulta bat deitzea legezkoa da eta badu bere tokia lege ordenamenduan

2008-06-26 Baiztapen hau zuzenesten duen kontsultaren legezkotasunari buruzko argitalpen bat egin du Lokarrik
Lokarri akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren Sareak argitalpen bat aurkeztu nahi du gaur prentsa-aurreko honetan. Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako herri-kontsulta baten modukoa deitzearen legezkotasunari buruzkoa da argitalpena. Argitalpen honen helburua ez da galdeketa deialdirako Lege proposamena egun indarrean dagoen araudiarekin bat datorren ala ez aztertzea, eztabaida honek herritarren gehiengoaren ulermen eta ezagutza ahalmenetik at egingo bailuke. Argitalpen honen helburua galdera hau argitzeko norabidean lagun dezaketen hainbat xehetasun didaktiko ematea da. 


1. Herri-kontsulta bat erabat legezkoa da

Lokorriren iritziz, Eusko Jaurlaritzak aurkeztu duen herri-kontsultak araudi juridikoa betetzen du. Baieztapen honek bi gogoeta ditu oinarri: 

1- planteaturiko kontsulta ez da erreferendum bat eta, beraz, ez dago lotuta Konstituzioaren 149. artikuluak proposatzen dituen betebeharretara. Artikulu horren arabera, Estatuak herri-kontsultak deitzeko eskuduntza esklusiboa izango du, betiere erreferendum bidez. Urriaren 25erako aurreikusitako kontsultan, baldin eta Legebiltzarraren babesa lortzen badu, herritarrei ez zaie galdetuko arau edo lege bati buruz.


Kontsultaren helburua da bake eta normalizazio politikorako prozesu bat garatzeko printzipioak argitzea. Herritarrengana jotzen da beren iritzia jakin ahal izateko kuestio hauen inguruan. Herri-galdeketan jasoko den emaitzak ez du Lege batean modu zuzenean islarik izango eta, honexegatik, ez gaude erreferendum baten aurrean. Nahi den bakarra da herritarrek adierazitako iritziak politikarientzako manatu bat izatea indarkeriren amaiera laguntzeko norabidean, elkarrizketa eta akordioa bidez bake eta normalizazio politikorako prozesu bat zabaltzeko. 


2- Gernikako Estatutuaren 9.2. artikuluak dio euskal erakunde publikoak derrigortuta daudela afera publikoetan herritarren parte-hartzea sustatzera. Herri-galdeketak deitzeko aukera ez da hitzez hitz biltzen, baina artikulu honetatik ondorioztatzen den agindutik horrelakorik uler daiteke. Kontuan hartu behar dugu Gernikako Estatutua 1979. urtean idatzi zela, demokrazia berreskuratzen ari zeneko urteetan alegia. Urte haietan lehentasuna oinarrizko sistema demokratikoa berreskuratzea eta indartzea zen eta abagune eta aukera gutxi zegoen demokrazia parte-hartzailea lagunduko luketen proposamen berriztatzaileak egiteko. Gaur, aldiz, ezinezkoa da herritarren parte-hartzeari zabalik ez dagoen demokraziarik ulertzea, aldian aldiko hauteskundeek egituratzen duten tradiziozko moldeetatik urrutiago. 

Hartara, afera publikoetan herritarren parte-hartzea sustatzeko manatuak herritarren parte-hartzerako tresna guztiak orokorrean ulertzen ditu, egungo araudi juridikoak hitzez hitz alde batera uzten dituenak salbu. Aipatu ditugun Andaluziako eta Kataluniako autonomia estatutuek argi eta garbi agertzen dute interpretazio hau. Adibidez, Andaluziako Estatutuak dio: "Andaluziako Batzarrari dagokio soilik araudi juridikoaren eraketa, modalitateena, prozedurarena, eta soilik berak deituko ditu, edota aginpidea dutenean tokian tokiko erakundeek ere, inkestak, entzutegi publikoak, parte-hartze foroak, edota herri-galdeketarako bestelako edozein bide, betiere erreferenduma salbespen dela". 


Honexegatik guztiagatik, herri-kontsulten deialdiak tokia aurkitzen du Gernikako Estatutuaren xedapenen barruan, herritarrek afera publikoetan duten ahalmenaren garapena bezala. Herri-kontsultaren muga bakarra erreferenduma ez izatea da, eta hain zuzen, ez da, emaitza ez baita izango lege baten onespena. 


2. Borondate politikoa da kontua

Ez dago ez legerik ezta araurik ere konstituzioaren aurka per se egiten duenik. Aurretik azaldu den bezala, Auzitegi Konstituzionalak ezin du ofiziotik lege baten konstituzionaltasuna aztertu. Aurretik, horretarako ahalmena duen botereren batek helegitea aurkeztu behar du. Hortaz, borondate politikoaren araberazkoa izango da urriaren 25erako iragarri den herri-galdeketa egitea ala ez, betiere euskal herritarren ordezkari den Eusko Legebiltzarrak aurretik onartzen badu. 


Herri-galdeketa ekiditeko helburuz Auzitegi Konstituzionalean helegitea aurkeztea benetako eztabaida legezkotasun murritzeko oihalpe batean ezkutatzea da. Azken buruan, hain premiazkoak diren bakea eta normalizazio politikoa bezalako aferen inguruan gizarte oso batek bere iritzi demokratikoa emateko aukera da honen guztiaren muinean dagoena. Legeari helegite bat aurkeztuko balitzaio eta Auzitegi Konstituzionalak helegitearen alde egingo balu, egungo sistema demokratikoak herritarren parte-hartzea soilik hauteskunde prozesuetara edota herritarren parte-hartze ahula eskaintzen duten bideetara murrizten den sistema demokratikoa babesten deneko mezua hedatuko litzateke. Garrantzitsuena da jakitea ea ba ote den borondate politiko nahikoa demokrazia herritarren partaidetza zuzenago batera zabaltzeko. 


3. Beharrezkoa da herri-kontsulten lege bat

Afera publikoetan herri-galdeketen tresnaren bidez herritarren parte-hartzeari ateak zabaltzeko borondaterik baldin badago, ezinbestekoa izango da herri-kontsulten inguruko Lege bat idaztea, proposatzea eta onartzea. Herritarrek aukera izango dute orduan beste batzuetan eta bestelako aferen inguruan beren iritzia emateko. Zentzu honetan, Lokarrik proposatu nahi du herri-kontsulten Lege honek hurrengo alderdiak aintzat har ditzala: 


1- Herri-galdeketak deitzeko eskumena ez dadin soilik Eusko Jaurlaritzan eta Eusko Legebiltzarrean gelditu, baizik eta aukera eman diezaion herritarrari ere modu zuzenean herri-kontsultak proposatzeko eta sustatzeko. Suitzan eta Austrian gertatzen den legez, herritarrek aukera izan behar dute herri-galdeketa bat deitzeko horretarako babes-sinaduren kopuru jakin bat aurkeztu ostean.

 
2- Udalek ere baimena izan dezaten herri-galdeketak egiteko garrantzi handia duten tokian tokiko gaien inguruan.

 
3- Deialdia erakunde publiko batetik abiatuko den kasuan (Gobernua, Parlamentua, Udala) herritarren parte-hartzea lagundu eta sustatuko duen prozedura abian jar dadin.

4- Demokrazia Parte-hartzailearen Institutu Publikoa era dadin. Bere helburua afera publikoetan herritarren parte-hartzea sustatzea izango da.


2008ko ekainaren 26an


 

Iritziak

francisco javier peláez | Lokarri no sabe mucho de derecho.Pero no me voy a detener porque no hay voluntad de estudiar el tema jurídico en serio. | 13.07.2008 00:16

Zure iritzia bidali