ETAk berriz ere zaplazteko latza eman die euskal gizartearen bake itxaropenei su-etena hautsi duela iragartzeko gaur goizean kaleratu duen komunikatuaren bidez. Iragan abenduaren 30ean Madrilen egindako atentatua eta gero, bake-prozesua krisialdi larrian sartu zen eta egoera areagotu egin da ETAk berriz ere borroka armatuari eusteko hartu duen erabakiarekin. Biolentzia, mehatxua eta giza eskubideen urraketa onartezinak dira eta euskal gizartearen gehiengoak gaitzetsi egiten ditu.
ETAk ezin du aitzakiatzat hartu Gobernuak edo zenbait alderdi politikok saiakerarik egin ez izana eza su-etenaren haustura arrazoitzeko. Bake eta normalizazio prozesu bat zailtasunak eta eragozpenak topatzen dituen bide korapilatsua da. Nork bere ardurak hartu eta bere ekintzen erantzule izan behar du. Hain zuzen, egoera argitzea eskatzen du ETAK bere komunikatuan. Haatik, hartutako erabakiarekin, agerian utzi du ez dagoela prest bake prozesua desblokeatzea ahalbidetuko duten alde bakarreko urratsak emateko. Are gehiago, su-etena hautsi eta bakerako bidean zailtasun berriak gaineratzea erabaki du.
Bestalde, ETAK urratu egin du biolentzia bukatzeko eta pertsona guztien giza eskubide guztiak errespetatzeko euskal gizartearen gehiengoak duen nahimena. Bereziki larria da baieztatu izana "armen bidez erasoa pairatzen duen herria armen bidez defenditzeko" bere erabakia. ETAk ez die kasurik egiten euskal gizartearen nahaiei eta beretzat hartzen du inork egotzi ez dion papera. Herritar helduak gara eta soilik bake eta demokrazia bidezko aukerak onesten ditugu gure arazoak konpondu eta bizikidetza hobetzeko. Gainera, ETAk euskal herritarrak matxinatzera eta parte hartzera deitu ditu, eta kontuan hartu behar da euskal gizartea jada matxinatu eta jardunean aritu dela, baina bakearen, elkarrizketaren eta akordioaren alde.
Egoera honi aurre egiteko, Lokarrik, akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren Sareak, hiru dei egin nahi ditu:
- ETAk euskal gizartearen nahia entzun eta biolentzia behin betiko baztertu behar du.
- Alderdi politikoek eta erakundeek, orain inoiz baino gehiago, elkarrizketa biziagotu behar dute egoera honi irtenbidea eman eta bake prozesua berreraikitzeko ibilbide-orri bat hitzartzeari begira.
- Euskal gizarteak eutsi egin behar dio itxaropenari. Erabat atzeraezina da bake prozesua. Biolentzia amaitzearen eta elkarrizketa eta akordioaren alde gizartearen gehiengoak dituen nahiak geldiezinak dira eta, norbaiten gogoz bestera bada ere, azkenean gailendu egingo dira.
Ildo berean, gogoz arituko da lanean Lokarri gizarteak zuzenki eta demokratikoki hitz egin dezan herri-kontsulta baten bidez, biolentziaren amaierari eta giza eskubideak errespetatzeari baietz esateko, alderdien mahaiari baietz esateko, herritarren nahimenari baietz esateko eta irtenbideak biolentziaren, bazterketaren, inposaketaren bidez edo elkarrizketari uko eginez bilatu nahi dituzten guztiak legez kanpo uzteko.
2007ko ekainaren 5a