ETAk, martxoaren 22an deitutako su-etenaren adierazpenari eusten diola ezagutu ondoren, Lokarrik, akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren Sareak alegia, adierazpen honek ez duela elkarrizketa erabakitzailerako baldintzak sortzen iritzi dio.
Bake eta normalizazio prozesu bat gutxieneko konfiantza baldintza batzuren gainean oinarritzen da. Su-etena hausteko iragarpen adierazpenarik egin gabe Madrileko atentatua burutu izanak, eta orain su-eten hau indarrean dagoela esan arren, atentatuak sortu duen egoera dela-eta, martxoaren 22ko adierazpenak bere balioa galdu du. Egun, inor ez da fido ETArekin, su-etena berriz etengo ez duenik atentatu bat eginez, bake prozesuaren martxarekin atsegin ez badago alegia. ETArentzat su-etena tresna batean bilakatu da, ez besterik, eta atentatu berri baten aukera bake prozesuaren eta gizarte ororen gainean dago, Damoklesen ezpataren gisan.
Bestetik elkarrizketa erabakitzaile bat abiarazteak gutxieneko baldintza batzuk eskatzen ditu eta hauen artean indarkeriaren mehatxuaren desagerpena dago. ETAk egin berri duen adierazpena ez da nahikoa baldintza hauek sortarazteko. Elkarrizketa bideak zabalik iraunaraztea posible eta beharrezkoa da, baina hauek ez dituzte emaitza zehatzik emango, ETAk prozesuaren epaile eta ebaluatzaile lanak egiten egiten baditu prozesua bera apurtzeko mehatxuarekin hau bere onerako ez den bitartean.
Honela, konfiantza zein elkarrizketa erabakitzaile baten baldintzak berreskuratzeko, ETAk urrats bat gehiago eman dezan beharrezkoa da. ETAk zituen aukera guztiak erre ditu eta orain, bi aukera besterik ez zaizkio gelditzen: atzeraezina izango den su-eten iraunkorra adieraztea edo bideragarria den proposamen bat aurkeztea, iragangarria eta errealista, indarkeriari bukaera emateko. ETAk prozesua egoera eustezinean jarri du eta euskal gizartearen indarkeriarik ezaren eta elkarrizketaren aldeko nahimenari erantzuteko ardura du.
2007ko urtarrilaren 10a