Ipar Irlandako eta Euskal Herriko egoerak oso ezberdinak dira, baina:
Oso garrantzitsua izan da orain dela gutxi arte elkarren etsaitzat hartzen ziren pertsonak gela berean esertzeko gai direla egiaztatzea, hitz egin eta beren esperientziak konpartitzeko. Haiek gai izan badira, gu ere hala izango gara.
Bidaia hau lehenengo pausoa izan da. Gune politiko oso ezberdinetatik gatozen pertsonak gara eta esperientzia hau elkarrekin konpartitu ahal izan dugu. Elkar gehiago ezagutzen lagundu digu eta baita gutako bakoitzaren beldur, arrazoi eta jomugak hobeto ulertzen ere.
Ez dugu nahi hau guk bakarrik gorde, eta beraz, ikasi eta bizitakoa gure erakundeetan zabaltzen saiatuko gara. Pauso txikia da, baina bakea eta bizikidetzaren prozesua pauso txiki askok osatzen dute.
Etorkizunari aurre egiteko gogoz betetako motxilarekin eta lagungarri izan daitezkeen hiru ikasgai handirekin itzuli gara:
- Konpromisoaren garrantzia. Ipar Irlandan ez dute beren erantzukizuna saihestu eta bake prozesuan elkarrekin aurrera egiteko konpromisoa onartu dute. Konpromiso hau erabakigarria izan da zailtasunak gainditzeko. Ordezkari politikoek lidergoa beren gain hartu behar izan dute hainbeste urtetako indarkeria gainditu nahi zuen gizartearen eskakizun argiaren emaitza bezala. Konpromiso hau gure gizartean ere garrantzitsua da. Etorkizunari elkarrekin aurre egiten lagunduko digun motorra izan behar da.
- Iraganari aurre egiteko beharra. Ostiral Santuko Akordioetatik hamahiru urte geroago, iraganari aurre egiteko beharra indarrez azaleratu da. Orain badakite iragana adorez lantzea oinarrizkoa dela etorkizunean berriz ere ez errepikatzeko. Horregatik, orain ere guk geuk borondate bera erakutsi behar dugu. Euskal gizartearen oraina eta geroa eraikitzea erronka handia da, baina ez dugu iraganari bizkarra emanez egin behar.
- Gizarte osoa inplikatzearen erronka. Adostasun politikoak eta gehiengo demokratikoarekiko errespetua giltzarriak izan dira Ipar Irlandan etorkizunari aurre egiteko, baina bake prozesu bat gauza askoz zabalagoa da, gizarte osoa barne hartu behar duena, eta jakina, baita gaztedia ere bere forma guztietan (mugimendu sozialak, elkartegintza, kale-mailako ekimenak...).
Gu, gaztediaren parte bezala, bizikidetzaren eragile aktibo eta eraikitzaileak izateko erantzukizunaz jabetzen gara eta iniziatiba hartzen jarraitzeko konpromisoa dugu elkarrekin era barneratzailean lan egiteko gure etorkizunaren alde. Bidaia honetan parte hartu dugunok arduraz eta iniziatibaz jokatu dugu, eta ezberdinarekin elkartu eta elkar entzuten ausartu gara. Hau ez dagokio gaztediari soilik: edozein ordezkari politiko edo sozialek dauka ardura bera.
Hala, elkarrekin lan egiteko, etorkizunari begira iragana lantzeko eta gizartearen partaide aktibo izateko konpromisoak lotuz, bidaia honetan sortutako elkarrizketa gune hau mantendu nahi dugu, foro barneratzaile, iraunkor eta erregularra izan dadin akordio eta proposamen zehatzetara iritsi ahal izateko. Esan genuen bezala, gaztedia giltzarria da eta izango da konpartitutako etorkizun hori eraikitzeko.
Ordezkariak:
Batiste Ezeiza, Euskadiko Gaztediaren Kontseilua
Andoni Rojo, Gazte Independentistak
Jonathan Martinez, Alternatiba
Koldo Gutierrez, Euskadiko Gazte Sozialistak
Maider Carrere, Gazte Abertzaleak
Mikel Anderez, Iratzarri
Rut Martínez, EAJ
eta
Maialen Lizarralde, Lokarri