Eztabaida garden eta irekia izango da
Lokarri akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren Sareak hausnarketa ariketa bat abiatu du datorren urteetarako bere lehentasunak eta planak zehazteko. Bukaera datorren urtarrilaren 31n Ohiz kanpoko Batzar Nagusi batean izango duen eztabaida honek oinarrizko txosten bat du abiapuntu, zeinak aldaketak izango dituen batzar prozesu honen baitan. Hauek dira txostenak biltzen dituen ideia nagusiak:
1-Osatu gabeko eraldaketa
Elkarritik Lokarrirako eraldaketa, 2006ko martxoan hasia, garatu egin da diskurtsoari dagokionez, lehentasuna izanik askoren arteko arkordio bat lortzea eta herri kontsulta bat deitzea. Aldiz, bake prozesuan herritarren partaidetza bultzatu eta sustatzeko era berriak zabaltzeari dagokionez, ez da garapenik egon eta kanpainen diseinua Elkarriren garaian erabili zenaren oso antzekoa izan da.
2-Bake prozesuaren egoerak bi arrisku ditu aurrez aurre herritarren mobilizazio gabezia igartzen den une honetan.
Indarkeriaren amaiera desordenatu bat da lehendabiziko arriskua, zeinetan ETA, jardunean jarraitu arren, gero eta ahulago egongo den eta ezin izango zaion eutsi elkarrizketa bidezko amaiera bati. Egoera horretan, indarkeriaren amaiera ofiziala ebatsiko litzaioke euskal gizarteari eta biziki zailduko litzateke berradiskidetze prozesu baten hasiera. Bukaera luzeagoa eta traumatikoagoa litzateke.
Bigarrenik, elkarrizketa, akordioa eta kontsulta eredua, zeinak euskal gizarte gehienaren sostengu zabala duen, mehatxatua dago, izan ere, askoren arteko akordioren aldeko aldarrikapena beto-eskubide bihurtzeko arriskua dago eta herri kontsulta bat deitzeko kudeaketa desegokia ere mehatxua da.
Arrisku hauei gaineratu behar zaie su-etenaren hausturak etsipen handia sortu zuela gizartearengan, eta egoeraren hondatze etengabeak etsipena areagotu zuen. Gainera, hedabideek harturiko jarrerak egoera hau larriagotu du, bai bake prozesuan bai eta su-etenaren ondoren ere, errealitatearen alderdi negatiboenak zabaldu baitituzte. Frustrazio honen ondorio nagusia izan da euskal gizartea nabarmenki desmotibatuz joan dela, eta jada ez dihardu hain aktiboki bakearen eta normalizazioaren alde.
3-Partaidetza sustatzea eta herritarren masa kritikoa mantentzea izango da Lokarriren lehentasuna
Bake prozesuan herri partaidetza sustatzea eta erraztea da Lokarrik jarri duen lehentasuna, bi alderdiri laguntzeko gaitasuna baitu; 1) bakeari, gure bizikidetza desitxuratzen duten kontuak konpontzeko bide demokratikoa legezkotzat jotzen duelako eta 2) porzesuaren desblokeoari, bakean eta normalizazioan aurrera egiteko konponbide zehatzak eskaintzen ez diren bitartean herritarren partaidetza tresna baliagarria eta bideragarria delako bake eta normalizazio prozesua ahalbidetuko duten baldintzak sortzeko. Horregatik, Lokarri masa kritiko aktibo bat mantentzea izango du helburu, zeinak konponbideak aldarrikatzen dituen eta bere ahotsa entzuna izan dadin parte hartzeko prest dagoen herri bultzadari eutsiko dion.
4. Partaidetza aukera berriak eskainiko ditu Lokarrik
Une hauetan zailagoa den arren herritarrak bakearen aldeko lanean inplikatzea, Lokarrik ez dio uko egiten eginkizun honetan pertsona gehiago barneratzeari. Erronka hau da: partaidetza eredu bat diseinatzea, bai barne mailan nola ekimen ezberdinetan, zeina baliagarria izango den sustatzeko era tradizionaleko partaidetza presentziala eta teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak -bereziki 2.0 webguneak-.
Lokarri hasieratik lantzen ari den printzipioetako askoren konkrezioa da 2.0 partaidetza, honakoak hartzen dituelako kontuan: 1) herritarrak sarean esaten ari direna entzutea, 2) bakeari eta normalizazioari buruzko ideiak eta iritziak ematen ari diren pertsona guztiekin hitz egitea eta 3) dauden sareetara gaineratu eta berriak sortu bakearen eta normalizazioaren aldeko jarrera aktiboa agertzen duten edo ager dezaketen pertsonekin. Horrela, Lokarrik parte hartzeko bi erak hartuko ditu aintzat, presentziala eta 2.0, bere ekimen guztiak garatzeko orduan.
5. Bere estrategia informatiboa aldatuko du Lokarrik.
Lokarrik aurrez aurre izan duen arazo nagusia hau izan da: hedabideek, salbuespen gutxi batzuk izan ezik, gero eta esparru txikiagoa eta arreta gutxiago eskaintzen dizkiote herri mugimenduetatik datozen ekimenei eta, norgehiagokan oinarrituriko eztabaida politikotik ihesean, modu positiboan eraikitzen saiatzen direnei. Horregatik, Lokarrik uko egiten dio hedabideen bitartez agertzeari. Erabaki hau hartu du Sareak errealitate hau salatzeko eta, halaber, hedabideetan islatzeko premiak bultzatuta liskar dialektoak bilatzen dituzten diskurtsoak lantzeko beharrean ez erortzeko. Gainera, herri partaidetza sustatzea eta aipatu hedabideetan ez agertzea helburu duten ekimenak diseinatzen lagunduko du erabaki honek.
Eztabaida gardena eta irekia
Interesaturik dauden pertsona guztiek eztabaida honetan parte hartzea nahi du Lokarrik. Oinarrizko txosten hau zabaltzeko bideak ireki ditu horretarako:
-posta elektronikoz informazioa jasotzen duten bidalketa bat 18.000 pertsonari,
-informazio zehatza Lokarriren web orrian,
-eztabaidarako foroak zabaltzea Lokarriren web orrian bertan,
-eztabaida Lokarriren lantaldean Facebook-en,
-mintegiak Lokarriren foro eta laguntzaileekin.
2009ko urtarrilak 8