- Mila pertsona baino gehiagoren lankidetza du txostenak
Txosten honek 2009ko udazkeneko egoera aztertu du, eta oso testuinguru berezian landu da. Izan ere, hainbat hilabetez erabateko blokeo-egoeran eta nola halako etsipenean bizi izan gara, inolako aukerarik ikustatzen ez zelako; orain, ordea, argi-izpi batzuk sumatzen dira berez aski zaila den egoera batean. Udatik hona, ETAk ez du atentaturik batere egin, eta Ezker Abertzale tradizionalaren baitan eztabaida garrantzitsua zabaldu da estrategia berriari buruz; eztabaida horren erreferentzia nagusia Altsasun egindako adierazpena izan da, eta adierazpenean borondatea agertu zen indarkeriarik gabeko prozesuan eta bide demokratikoz aurrera egiteko.
Gai horiek guztiak (bakerako prozesua, prozesu berrirako aukera berriak, Lokarriren proposamena eta azken gertakariak) izan dira udazkenean zabaldutako galdetegiaren oinarri nagusia. Toki Behatokietan, berriz, iritziak trukatzeko eztabaida sakonago bat izan da; hau da, iritzi desberdineko jendea sakon mintzatu da Ezker Abertzale tradizionalaren proposamen berriaz.
Bake prozesuaren egoeraren azterketa
1. Bakearen alde aurrera egiteko aukera berriak
Bakearen aldeko prozesuaren egoera ez da nabarmen hobetu. Ez da aurrerapauso erabakigarririk eman bake prozesua ahalbidetzeko baldintza beharrezkoak agertzen dituen testuinguru batean gaudela sinisteko. Ez dago ETAren borondate argirik indarkeria baztertzeko eta alderdi eta erakundeek ez dituzte suspertu elkarrizketa esparruak blokeo egoerari irtenbidea era partekatuan bilatzeko.
Baina etorkizuna itxaropen handiagoz ikusten da. Ondorio bezala, laburbil daiteke esanez bake prozesuaren egoera hasi berri dela desblokeatzen.
2. Ezker Abertzale tradizionalaren eztabaida bakea lortzeko aukera bat da
Ezker Abertzale tradizionalak Altsasun egindako deklarazioak bide ematen du pentsatzera sektore sozio-politiko hori aurrerapausoak ematen ari dela soilik baliabide politikoak eta demokratikoak, indarkeriaren erabilera baztertuz, kontuan hartzen dituen estrategia definitzeko orduan. Herri borondatea errespetatzeko konpromisoa eta elkarrizketa prozesu baten aldeko apustua bakea lortzeko aukera berri bat sor dezaketen elementu berriak dira.
Sinesgarritasuna da proposamen horren gabezia nagusia, bi arrazoirengatik: 1) ez diolako argi eta garbi adierazten bere gaitzespena indarkeriaren erabilerari eta 2) bakea lortzeko iraganeko porrotak direla eta, gizartea oso eszeptiko dagoelako.
3. Gobernuen estrategiak aukerak eragozten ditu
Bakerako bidea errazteko baldintzak sortzen lagundu beharrean, eragozpen berriak jartzen ditu gobernuen estrategiak. Jarrera horren adibide dira Ezker Abertzale tradizioanalaren baitan eztabaidaren garapena ekiditeko saiakerak. Beren estrategiak, elkarbizitzarako lagungarri izan beharrean, tirabira eta borroka handiagoa eragiten du.
4. Eutsi egiten zaio bakerako eta elkarbizitzarako oinarrizko printzipioen aldeko jarrera argiari
Jada aipatu den indarkeriaren amaieraren aldarrikapenaz gainera, bakea eta elkarbizitza lortzeko funtsesko printzipioak hauek dira: 1) elkarrizketa prozesu bat martxan jartzea, 2) Alderdien Legea indargabetzea, 3) akordio politiko bat definitzea euskal gizartearen erabakitzeko eskubideari buruz eta 4) herritarren partaidetza eta inplikazioa bultzatzea bakearen aldeko prozesuan.
Lokarriren gomendioak bake prozesu berri bat ahalbidetuko duten baldintza sortzeko
1- ETAk indarkeriari amaiera emateko adierazpena
ETAren indarkeria izanik prozesu berri bat ahalbidetzeko baldintzak galarazten dituen oztopo nagusietako bat, adiearazpen bat esanik indarkeriari amaiera jartzen diola erabakigarria izan daiteke bake prozesu erabakitzaile eta behin betiko bati ekiteko.
2- Ezker Abertzale tradizionalaren adierazpen argia
Ezker Abertzale tradizionalaren proposamen berriak dakarren aukera sendotzeko beharrezkoa da Ezker Abertzale tradizioanalak argi eta garbi adieraztea ETAren indarkeriatik bereizten dela edo ETArengana jotzea borroka armatua bere azkenera eraman dezan eskatuz. Sinesgarritasun eta konfidantza nahikoa sortzeko ahalmena du erabaki horrek eta euskal gizartearen zati handi baten laguntza lor dezake dinamika politiko eta demokratiko berri bat eratzeko ahaleginean.
3- Gobernuen jarrera erraztaile berria
Aukera berriak eragozteko baliatzen ari diren estrategia baztertu behar dute gobernuek. Ildo honetatik, proposatzen dugu ez hartzea Ezker Abertzalearen baitan zabaldutako eztabaida oztopatuko duten erabaki gehiago, eskatzen dugu aske uztea atxiloturik dauden Ezker Abertzale tradizionalaren gidariak eztabaidan parte hartu ahal dezaten eta exijitzen dugu oinarrizko eskubide eta askatasun demokratikoen urraketei amaiera jartzea.
4- Jarrerak aldatzea
Beharrezkoa da alderdien, erakundeen eta gizartearen, bere osotasunean, jarrera ausarta eta erabakitzailea bakea lortzeko eta abian jartzeko elkarrizketa prozesu bat. Horregatik, komunikazio esparruak sustatzera animatu nahi ditu Lokarrik alderdi politikoak. Esparru horiek sustatuz gero, posible izango baita diseinatzea elkarrizketa politikoa ahalbidetuko duten printzipioak eta agenda.