Lokarri

Bakea eta bizikidetzaren hobekuntza lortzeko hiru printzipio proposatzen dizkio Lokarrik Eusko Jaurlaritza berriari

2009-05-15 Hiru printzipioak hamar jarduera proposamenetan zehazten dira
 
Eusko Jaurlaritza berriak, Patxi Lopez Lehendakaria buru duela, legegintzaldi honetan bakea lortzea jarri du helburu nagusi bezala bere ibilbidearen hasieran. Euskal gizartearen gehiengoa bat dator indarkeriaren amaiera eta pertsona guztien Giza Eskubide guztiekiko errespetua aldarrikatzen dituen nahi horrekin. Lokarrik ere espero eta desio du bakea errealiatate itzuliezina izatea, lehenbailehen.
 

PPren eta PSEren arteko hitzarmenaren berri jakin zenean, Lokarrik bere kezka agertu zuen bake eta bizikidetza hobetzeko politiketan izan zezakeen eraginarengatik, izan ere, elkarrizketari eta akordioari uko egiten dion jarreran oinarrituriko aldebakarreko modeloa ordezkatzen eta defenditzen jardun baita PP. Hala eta guztiz ere, Lokarrik espero du gobernu berriak biziki lan egitea bakea lortzearen alde eta herritarrek kontsulta batean berretsiko duten akordio batera iristearen alde, PSEk hauteskundeetara aurkeztu zuen programan zehazki jasotzen zen bezala. Lokarritik prentsa-aurreko hau aprobetxatu nahi dugu gobernu berriari gure lankidetza eskaintzeko aipatu helburuak lortzeari begira. Hala, gaur bertan gutun bat iristarazi diogu Lopez Lehendakariari gure lankidetza eskainiz eta proposatuz hiru jarduera printzipio eta hamar proposamen zehatz aurrera egiteko bakearen eta bizikidetzaren hobekuntzaren alde.

 

Hiru printzipio aurrera egiteko bakearen eta bizikidetzaren hobekuntzaren alde

 

1- Giza Eskubideen legitimazio aktiboa eta sufrimenduaren amaiera.

Euskal herritarren Giza Eskubideekiko errespetua bermatzea izan behar du Gobernu berriaren betekizun nagusia. Giza Eskubideak osotasun zatiezina dira eta ez du inongo tokirik eskubide horien urraketa justifikatzen duen ezen aitzakiarik. Gure gizartean sektore sozial zabalek pairatzen dute sufrimendua ETAren indarkeriaren eta mehatxuen ondorioz. Preso dauden pertsonen sakabanaketak eta tortuaren prebentzio eskasak ere arrazoirik gabeko sufrimendua sorrarazten dute. Amaiera jarri behar zaio sufrimendu horri.

2- Bazterketarik gabeko elkarrizketa eta akordio plurala.

Euskal gizartean bizikidetza hobetzeko, beharrezkoa da sektore guztiek bizitza politikoan aukera berdintasunean parte-hartu ahal izatea. Ezker Abertzalea, Batasunak ordezkatuta, baztertzeak oinarrizko askatasun demokratikoak murrizten ditu eta balizko akordioetatik landa uzten du herritarren zati garrantzitsu bat. Beharrezkoa da komunikazio eta elkarrizketa esparruak zabaltzea, zehaztuz eta adostuz joateko gure bizikidetza desitxuratzen duten kontuei buruzko akordio bat posible egingo duten pausoak.

3- Herri-partaidetzaren sustapena.

Herri-partaidetza ezinbestekoa da bakearen eta bizikidetzaren aldeko lanean. Lehenik eta behin, zilegi egiten baitu gure desadostasunak konpontzeko eta gizarte bezala batzen gaituena bilatzeko bide demokratikoa. Herritarrek beren iritzia eta nahia adierazteko aukera ezberdinak zabaltzen diren heinean, gero eta toki txikiagoa uzten da justifikatzeko indarkeria gure gizarteak pairatzen dituen arazoei aurre egiteko bide bakarra dela. Bigarrenik, partaidetzak prozesua desblokeatzen laguntzen duelako, izan ere, bakearen eta normalizazio politikoaren alde aurrera egiteko konponbide zehatzak eskaintzen ez diren bitartean, herri-partaidetza tresna baliagarria eta bideragarria da bake eta normalizazio prozesua ahalbidetuko duten baldintzak finkatzeko.


Hamar proprosamen zehatz aurrera egiteko bakearen eta bizikidetza hobetzearen alde

 

  1. ETAren indarkeriaren amaiera elkarrizketatu bat sustatzea bat etorriz 2005eko maiatzan diputatuen Kongresuak onarturiko ebazpenarekin.
  2. Gizartearen elkartasuna sustatzea ETAren indarkeriaren mehatxupean diren pertsona guztiekiko.
  3. Tortura prebenitzeko aurreko Eusko Jaurlaritzak onetsitako protokoloak garatzea zigorgabetasun espazioei bukaera emateko.
  4. Ahal den neurrian, ETAren biktimen sufrimendua errekonozitzea eta arintzea, eta GALek eta beste talde paramilitar batzuek eragindako biktimak babesteko eta omentzeko neurriak zabaltzea.
  5. Preso dauden pertsonen Giza Eskubideekiko errespetua bultzatzea, sakabanaketaren amaiera sustatuz eta senideen joan-etorrietarako laguntzak mantenduz urruntzeak dakarren egoera bidegabea arintzeko neurri bezala.
  6. Alderdien batzorde baten sorrera bultzatzea. Alderdi politiko guztien arteko elkarrizketa gidatu beharko duten printzipioak eta prozedurak definitzea izango da batzorde honen betekizuna.
  7. Ezberdinen arteko akordio baten definizioari ekitea. Erabakitzeko gaitasunean eta akordio pluralean oinarrituriko gure marko juridiko-politikoa desitxuratzen dituzten trabak konpontzea du helburu definizio asmo honek.
  8. Elkarrizketa bide egonkor eta zuzen bat irekitzea Ezker Abertzalearekin eta datozen hauteskundeetan parte-hartzeko bere eskubidea errespetatzea.
  9. Konpondu ekimena eta Udal Elkarrizketa Foroak mantentzea, esperientzia honetan udalerri eta pertsona parte-hartzaileen kopurua handituz.
  10. Herri-partaidetza lege bat onartzea. Herri-galdeketen deialdiaren arauketa bilduko du lege horrek, Kataluniako Govern-ek onarturiko legearen aurreproiektuaren ildotik.

Lokarriren iritzian, printzipio eta proposamen hauek gida egokia dira garaile eta garaiturik gabeko konponbide bat bilatzeko, konponbide plurala, desadostasunak errespetatuko dituena, akordioak bilatuko dituena eta gizartearen gehiengoen nahiekiko errespetua bermatuko duena. Kontrakoak askatasunak baztertu eta murriztu dituen aldebakarreko estrategietara itzultzea esan nahi du. Konponbide partekatuak gauzatzeko gaitasun gabezia erakutsi duten estrategietara itzultzea alegia.

 

2009ko maiazaren 15ean


Iritziak

Juan Oscoz | No solo es el PP el que viene cercenando e impidiendo el normal desarrollo del diálogo, creo y pienso que el PSOE está demostrando también su alejamiento en cuanto aceptar el Conflicto Político y Humano de este Pueblo como matriz de todo el problema a resolver. | 28.05.2009 13:46

Zure iritzia bidali