Lokarri

Bakea, elkarrizketa eta akordioa nahi dituela esan du euskal gizarteak hauteskundeetan

2009-03-19 Lokarrik bere kezka agertu du datorren Eusko Jaurlaritzaren bake eta bizikidetzari buruzko politiketan PPk izan dezakeen eraginarengatik
 
Herritarren sare plurala da Lokarri eta ez dagokio iruzkintzea iragan martxoaren 1ean izandako Hauteskunde Autonomikoen emaitzak onak edo txarrak diren. Baina indarkeriaren amaiera, elkarrizketa, akordioa eta herri kontsulta baten deialdia defenditzen dituen petrsonentzako lankidetzarako esparrua da Lokarri eta, horrenbestez, sentsibilitate bereziaz begiratzen ditu hauteskundeen emaitzak bake eta normalizazio helburuak lortzeko ekar ditzakeen ondorioak.

Gaizki hasi da legegintzalia. Batasunak ordezkaturiko Ezker Abertzaleak ez du ahotsik izango datorren Eusko Legebiltzarrean D3M eta Askatasunak aurkezturiko hautagai-zerrendak baliogabetu eta gero. Gure errealitate sozialaren argazkia ez da behar bezain ordezkatua egongo, D3Mri bozka eman zioten ia 100.000 pertsonei dagozkien ordezkariak falta direlako. Pertsona hauek existitzen jarraitzen dute, badituzte beren proiektuak, helburuak eta pentsaera, aukerarik izan ez badute ere eskainuak hautatzeko beren bozken bidez. Aintzat hartu beharrezko alderdi soziala osatzen dute eta jarduera politikoan gainerako alderdi politikoen aukera berdintasunean parte hartzeko aukera eduki behar dute.

Lokarriren iritzian, bereziki garrantzitsua da emaitzak aztertzea kontuan hartuta alderdi politikoen proposamenak bakeari eta normalizazioari begira. Horrela, honakoa ikus daiteke: %91 dira argi eta garbi indarkeriaren amaiera defenditzen duten alderdiak, %56 Alderdien Legea indargabetzea eskatzen dutenak, %85 elkarrizketa defenditzen dutenak eta akordio politiko berri bat lortzea nahi dutenak, %56 erabakitzeko eskubidearen alde daudenak. Erabat eztabaidaezinak dira datu hauek eta euskal gizarteak pairatzen dituen indarkeria eta bizikidetza arazoak konpontzeko bide bat seinalatzen duen gizartearen gehiengo garbia erakusten dute.

Une honetan, zantzu guztien arabera, PSEko hautagai Patxi Lopez izango da datorren Lehendakaria, PPren babesarekin. Kezkaz betetzen gaitu aukera honek, ez hautaketa berarengatik, baizik eta PPren babesak hartuko duen norabidearengatik bakea eta normalizazioa lortzeko datorren Eusko Jaurlaritzak sustatuko dituen neurriei begira. Gai horietan PPk nola eragingo duen kezkatzen gaitu alegia.

Hauteskunde kanpaina guztian zehar "elkarrizketa eta akordio eza" eredua defenditu du PPk; hots, Hauteskunde hauetan euskal gizarteak sostengatu duen ereduaren kontra. Areago, PPren orain dela gutxiko ibilbidea, bereziki Aznar Gobernuan zelarik, ETAren eta nazionalismoaren kontra "guztiak balio du" estrategian oinarritu da, azken bake prozesua oztopatu du, politika judizializatu du, elkarrizketa kriminalizatu, biktimak erabili ditu, etab. PPren proiektuak ez du xede gizarte bezala batzen gaituena bilatzea. Soilik garaipena lortzean datza bere estrategia.

Ez da erraza PSEren erronka gai hau gobernutik kudeatzeko, izan ere, bi aukera hauen artean erabaki beharko baitu: gai honetan PPren babesa onartzea, baietsiz elkarrizketari uko egiten diola eta gizarte gehienaren nahiak alde batera utziz, edo inor baztertuko ez duen akordio plurala helburu izango duen elkarrizketa prozesu bat bultzatzea, hautestontzietan adierazitako herritarren nahia eta bere hauteskunde programan bildutako konpromisoak errespetatuz.

2009 ko martxoaren 19an


Zure iritzia bidali