Abenduak 29
Lokarrik "akordioari, kontsultari eta berraskidetzeari" buruz eskatutako artikuluaren zirriborroa idazten hasi naiz. Hauxe da, egun hauetan sumatzen den giro nahasi eta kezkagarriak iradokitakoa.
"Besterik uste bagenuen ere, ez dirudi oinarrizko hitz eta kontzeptu erdi huts batzuetatik aparte, urrats sendorik edo aurrerabide nabarmenik gertatu denik "prozesu" deitu den honetan.
Izan ere, "Prozesu" hitza bera dugu oraingoz, "luzea, zaila eta gogorra" begitantzen omen den ibilbidearen akordio-harri bakarretako bat. Hitz hau berau, adjektiboz edo zehaztasunez osatzen hasi orduko, desakordioak edo hitz leunagoz esanda, diferentziak baitira azaleratzen direnak; bake-prozesuaz ariko da urlia, prozesu politikoaz sandia eta normalizazio-prozesuaz berendia.
Ez dakit zer gertatuko den, baina prozesu honen amaieran bi egoeratan aurki gaitezke: akordio-egoeran ala desadostasun-egoeran. Eta batean nahiz bestean, lanean eta harremanetan jarraituko beharko duten "eragile" bertsuak imajina ditzaket. "Eragilea"; hauxe da kontsentsuatu dugun beste hitz bakanetako bat, herri-mugimenduak gizarte-mugimenduekin kontrajartzen ziren garaiak gaindituta.
Eta nago, akordioa lortuta ere, ez dela "akordio orokonpontzailea" izango. Iragan hurbilaren zama handiegia baita oraindik, eta horren ondorioak begibistakoak: indar subiranisten arteko errezeloak eta estrategia aniztasunak, indar metaketarako ezintasunak eta ezinikusiak, PSOEren eta estatuaren orain arteko -eta seguruenik, etorkizuneko- borondate eskasa arazo giltzarriei adarretatik heltzeko, etab. Adosturiko beste kontzeptu bat: "erabaki eskubidea".
Hortik, nire ustez, akordioaren beharra. Herri hau, herri gisa sentitu eta eratu nahi dugunontzat eta gure hizkuntza komunitateari, gizarte eleanitz batean hizkuntza komunitate osotu eta normalizatu gisa bizitzea opa diogunontzat, premia osokoa da, etorkizuna borrokatzeko eta eraikitzeko bidean, akordioak lortzea, klabe minimo horietan mugitzen garen guztion artean, behintzat.
Akordio edo desakordioaren biharamunerako prest izan beharko baititugu estrategia berriak; zabalak -herri honen gehiengoa klabe berri horien inguruan bildu eta berauetara erakartzeko gaitasuna izango dutenak-, etikoak -giza-eskubideen errespetuan eta baloreetan oinarrituak-, konprometituak -boterearen erosotasunari lotuko ez zaizkionak-, ...
Konfrontazio eskematan oinarritutako estrategiek, nahiz boterearen erosotasunetik "status quo"a mantentzera zuzendutakoek, nekez lortuko dute aurrerapauso esanguratsutik norabide horretan. Oinarrizko akordioak behar diren alorretan, bi alderen (edo gehiagoren) arteko konfrontazioa gehiegitan ezagutu dugu (politikan, euskalgintzan, ....) Eta ondorioa garbia izan da, indarrak metatu beharrean, alde bateko nahiz besteko indarrak ahuldu. Euskarari dagokionez ere, azken urte hauetako balantzea, kezkatzen hasteko modukoa da (norbanakoen nahiz sektorekako erabileran ez da hobekuntza nabarmenik izan, hainbat sektoretan atzerapausoak sumatu dira jarreretan, ....)
Gorrotoak aspaldi egin zuen habia gure bihotzetan, eta berradiskidetzea helburu urruna -eta askotan ezinezkoa- izango bada ere, denon mesederako izango den auzolana (elkarbizitza) ahalbidetzeko baldintzak sortu behar dira, "kontrol" tentazioak alde batera utziz, eta partaidetza politiko nahiz sozialerako oinarrizko arauak adostuz.
Etorkizuna herri baikor eta kohesionatuena da, eta une honetan bietatik eskas gabiltza."
Bihar jarraituko dut idazten.
Abenduak 30
"Ostia!".
Abenduak 31
"Urte berri on!", nahiz eta jakin, itxura guztien arabera, ez dela horrela izango. Nahiago oker banebil.
Urtarrilak 4
Iraganetik ari naiz idazten. "Luzea, zaila eta gogorra" irudikatzen zitzaigun oraina, etorkizun are luzeagoa, zailagoa eta gogorragoa bilakatu zaigu. Bi langile etorkinen hilotzek, suntsitutako hormigoi guztiak ez bezalako pisua hartu dute. Gure memorian beude!
Iraganera itzuli gaituzte, iraganean etorkizunik ez dagoela jakin arren. Izan ere, urte hauetan ezer aurreratu badugu horixe da; iraganarekiko haustura. Orain arteko dinamika eta errezetek, gatazka luzatu eta sufrimendua eta porrota besterik ez dakartela aldarrikatu du behin eta berriz herri honek eta bi errailetako bidea markatu: herri honek etorkizuna bortxarik gabe eraiki nahi du, eta etorkizuna herri honek erabaki eta eraiki nahi du.
Herritar gehienok bat egin dugu printzipio horiekin, eta horregatik etsigarriak gertatu zitzaizkigun aurreko hilabeteetan Espainiako gobernuaren geldotasuna eta iniziatibarik eza, eta PPren jarrera oldarkorra. Hitzetatik ekintzetarako jauzirik ez dugu ikusi hilabeteotan eta aukera historiko bat alferrik galtzen ari zen sentsazioa, gero eta zabalagoa izan da gure gizartean.
Herritar gehienen eskaera garbia izan da azken urte, eta batez ere, hilabeteetan: aurrerapauso zehatzak ematea hasitako bidea eten ez zedin eta aurrera egin zezan, presoen gaian nahiz aukera guztien legalizazioan, esate baterako. Gobernuak, ordea, ez du euskal herritar gehienen borondatea aintzat hartu.
Baina egoera berbideratzeko izan genitzakeen itxaropenak zapuztu ditu Barajaseko hautsak, eta batez ere, ETAk hondakinen artean utzi dituen bi hilotzek. Herritarren eskaera garbia izan baita, baita ere, gatazkaren konponbidea bide politiko eta demokratikoetatik bideratzea. Zein herrik erabaki du Barajasekoa?
Ez dakit hurrengo aste eta hilabeteetan zer gertatuko den, baina susmoa dut, herri honen borondatearen aurkako erabaki bakoitzarekin eta atentatu edo hilketa bakoitzarekin gero eta atzerago egingo dugula iraganean. Eta iraganetik gero eta zailago izango da etorkizuna eraikitzea.
Aurreak erakutsiko al digu atzea nola dantzatu!